Zaragueta Eskolak bat egingo du Hezkuntza Lege berriaren aurkako aldarriarekin

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko aza. 4a, 13:20
Zaragueta Eskolako ikasle, guraso eta irakasleek hezkuntza lege berriaren aurka daudela adierazi nahi dute. (Utzitakoa)

Sare publikoko eragileek manifestazioa egingo dute bihar Bilbon, Hezkuntza publikoaren alde. 'Hezkuntza Lege Honi, ez! lelopean', Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekin ados ez daudela argi utzi nahi dute, "sare publikoaren beharrei erantzun egokirik eman gabe" jarraitzen duela uste baitute.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak manifestazioa deitu du biharko Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Hezkuntza Legeari "ezezko borobila" emateko, Hezkuntza publikoaren alde. Hezkuntza Lege honi, ez! lelopean. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Bizkaiko hezkuntza ordezkaritzatik, eta aldarriarekin bat egin dute hezkuntza publikoaren arloan lan egiten duten hogei bat eragileek eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zentroek, tartean Orioko Zaragueta Herri Eskolak.

Plataformak uste du Hezkuntza Legearen helburua eskola publikoa defendatzea izan behar duela, baina salatu dute irailean Eusko Jaurlaritzak ezagutarazi zuten aurreproiektuaren lehen zirriborroa ez doala bide horretatik: "Sare publikoaren alde zenbait adierazpen jasotzen dituen arren, bere beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du", azaldu zuten urriaren 13an Bilbok egin zuten prentsa agerraldian. Uste dute gizarte kohesio eta berdintasunezko hezkuntza euskalduna lortzeko, eskola publikoak izan behar duela sistemaren "benetako ardatza", eta horretarako "zentzuzko planifikazioa" egitea eta "sare publikoari beharrezko baliabide guztiak ematea" eskatzen dute, baita "ikastetxeak publifikatzeko bideak zabaltzea" ere.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!