Paperekoa

Zaletasunean urratsa aurrera

Erredakzioa 2022ko aza. 13a, 12:00

Haur eta gaztetxo asko dabil Danbolin musika eskolan askotariko musika tresnak ikasten. Hantxe hasi zuten bidea erreportaje honetako lau protagonistek ere, baina, gerora, zaletasunean sakondu nahi izan dute goi mailako ikasketak eginez, eta horretan ari dira gaur egun. Aritz Pardinak urriko KARKARA aldizkarirako landutako erreportajea da honakoa.

Gogorra eta luzea da musikaren bidea, musika ikasketak egin nahi dituenak hamar urteko ibilbidea egin behar izaten duelako goi mailako kontserbatorioan sartzeko: lehenik, oinarrizko mailan lau urte eta, ondoren, bigarren hezkuntza eta batxilergoarekin batera, maila profesionaleko beste sei urte. Hori guztia egin eta gero, lau urte behar dira musikako goi mailako ikasketak (unibertsitate ikasketen baliokideak) egiteko. Horiek amaituta, noski, badago graduondoko ikasketak egiteko aukera ere. Bada, Orion badira bide horri heldu dioten zenbait herritar. Hala, ikasketa prozesuaren fase ezberdinean dauden herriko lau musikari elkarrizketatu ditu KARKARAk, euren bizipenak ezagutzeko: Ane Blazquez, Ramunas Almanaitis, Alba Carretero eta Asier Sarasola.

Ane Blazquez, piano ikaslea: "Piano bakarlaria izatea gustatuko litzaidake"

Pianoa da zure instrumentua. Nola hasi zen zure musika ibilbidea?

Danbolin musika eskolan sartu nintzen 4 urterekin, eta 7 urterekin ekin nion Audra Almanaityterekin pianoa jotzeari. Handik pare bat urtera, hark Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko sarrera prestatzea gomendatu zidan. Orain, 14 urterekin, han nabil, profesionaleko hirugarren mailan. Dena dela, Audrarekin ere jarraitzen dut musika eskolan.

Organoa ere jotzen duzu.

Bai. Izan ere, profesionaleko ikasleok bigarren instrumentua aukeratu behar izaten dugu. Beste musika tresnentzat, pianoa izaten da bigarren instrumentu hori; horregatik, nik beste bat aukeratu behar nuen. Hala hasi nintzen organoarekin. Praktika orduetan Orioko elizan aritzen naiz eta, gainera, mezetan ere jotzen dut.

14 urte bakarrik izanda, argi duzu musikako ikasketak egingo dituzula?

Bai. Nire helburua da goi mailako musika ikasketak egitea. Txikitatik ari naiz ikasten, asko gustatzen zait pianoa, eta hori da egin nahi dudana.

Nola bateratzen dituzu hezkuntza arautuko ikasketak eta musika ikasketak?

Orain arte ez dut zailtasun handirik izan. Horretarako, noski, garrantzitsua da lanorduak ondo antolatzea. Hori eginda, oraingoz ondo bateratu ditut bai ikastolako lanak, bai kontserbatoriokoak.

Nola ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Gustatuko litzaidake piano bakarlaria izatea. Gainera, duela hiruzpalau urte, Francisco Escudero orkestrarekin jo zuen piano bakarlari gazteena izan nintzen. Orduan konturatu nintzen piano bakarlaria izan nahi nuela.

Bakarlaria izateaz gain, bestelako piezak jotzeko prest egongo zinateke?

Musika estilo guztiak gustatzen zaizkit. Alde horretatik, ez nuke arazorik edukiko edozertara moldatzeko, beti ere, jotzen den hori kalitatezko musika bada.

Oro har, zer ematen dizu musikak? Beste ikasketen edo lanbideen parekoa dela uste al duzu?

Poza ematen dit pianoa jotzeak eta entzuteak. Horrez gain, jendea ezagutzeko aukera ere eman dit, lagunak egitekoa. Nire ustez, ez da beste edozein lanbide bezalakoa, ikasketak amaituta ere, jarraikortasun handia eskatzen duelako, alegia, egunero ikasten jarraitzea eta beti sasoian egotea.

Zure ustez behar bezala balioesten al da musikaren mundua?

Musikari garrantzi gehiago ematen zaio Europa iparraldean. Hemen, oraindik, ez gaude haien mailan. Hori ez da, ordea, musikarien kalitateagatik, hemen maila handiko musikariak baititugu; punta-puntako orkestrak, esaterako. Dena den, hemen musika klasikoak ez du beste herrialdeetan duen pisua. Agian, oraintxe azaldutakoagatik, askok ez dute ulertzen musikako goi maila beste edozein gradu edo ikasketaren parekoa denik. Beti galdetzen dizute ea zerbait gehiago ikasiko duzun, musikarekin nahikoa ez balitz bezala. Badirudi jendearentzat musika ez dela serioa edo ez duela lanbide bezala balio.

 

Ramunas Almanaitis, biolin jotzailea: "Biolinak askatasun handia ematen dit adierazteko"

Musika etxetik dakarkizu, zure ama (Audra Almanaityte), besteak beste, Orioko Danbolin musika eskolako piano irakaslea izan baita urte askoan. Hark eman al zizun musikaranzko bultzada?

Amari esker sartu nintzen musikaren munduan, bai. Hain zuzen ere, pianoa jotzen hasi nintzen 4 urterekin. Ondoren, baina, biolina ezagutu nuen, eta pentsatu nuen hura izango zela nire tresna. Inoiz ez naiz damutu egin nuen aukeraz, askatasun handia ematen didalako adierazteko.

12 urterekin sartu zinen Francisco Escudero kontserbatorioan. Nola oroitzen duzu etapa hura?

Niretzat etapa zaila izan zen, ikastolako eta kontserbatorioko egitekoak batzen zitzaizkidalako. Lan karga handia nuen. Dena dela, etapa polita izan zela sentitzen dut, aukera asko eman dizkidalako: lagunak egiteko, bidaiatzeko… 

Zer egin behar da lan hori guztia arrakastaz aurrera eramateko?

Arduratsu jokatu behar duzu zure egitekoekin eta, noski, ezinbestekoa da eskema bat jarraitzea. Bestela, ez dago modurik. Badago antolakuntza faltaren ondorioz bidean gelditu denik ere. Pentsa, batxilergoa eta kontserbatorioa une berean egin nituen bolada batean.

Eta batxilergoaren ondoren?

Lasaitu handia hartu nuen etapa hori itxi nuenean. Izan ere, nik gustuko nuenari atea parez pare zabaldu nion. Dena dela, ez nintzen segituan musikako goi mailako ikasketekin hasi; urtebetez irakasle partikularrekin aritu nintzen instrumentuan sakontzen, eta sarrera probak prestatzen. Horri esker sartu nintzen, urtebete beranduago, Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan.

Han edo Euskal Herrian ikasi, alde handia dagoela esango zenuke? 

Kultura aldetik, anitzagoa da Bartzelona. Oso hiri musikala da, jotzeko aukera asko ematen dituena. Kalean jotzeko ohitura handia ere badago; musika arnasten da hirian. Gainera, interprete asko etortzen dira gurera, mundu mailan entzutetsuak direnak. 

Bestalde, ikaskideak ere leku ezberdinetatik datoz. Nabarmenduko nuke nazioartekoagoa dela, eta horrek esan nahi du munduko musikak ezagutzeko aukera handiagoa dagoela.

Zu ere ikus zaitzakegu sareetan, kalean eta agertoki txikietan jotzen. Nola uztartzen da hori musika profesionalarekin?

Dirudiena baino ohikoagoa da. Are eta gehiago; esango nuke musika ikaslearentzat lagungarria ere izan daitekeela beste erregistroetan aritzea. Izan ere, konfiantza eman dezake, eta askorentzat, jendaurrean jotzen ikasteko bide ona izaten da.

Musika: lana ala zaletasuna?

Musika lanbidea da niretzat, nire ogibidea. Oraintxe, musika egingo ez banu, ez dakit zer egingo nukeen. Noski, oso gustuko dut. Lehen esan bezala, adierazpide garrantzitsua da niretzat. Zentzu horretan, bada zaletasuna ere.

 

Alba Carretero, biolin jotzailea: "Lesio batek ia behartu ninduen biolina uztera"

Musikarekiko zaletasuna nondik datorkizu?

Etxetik, zalantzarik gabe. Gurasoak izatez ez dira musikariak, baina bai musikaren maitaleak. Etxean betidanik hainbat estilotako musika entzuteaz gain, urte mordoa daramatzate Salatxo abesbatzan kantatzen. Gainera, aitari klarinetea jotzea izugarri gustatzen zaio, eta aurten ama ere panderoarekin animatu dela dirudi. Azkenik, anaiak ere baditu musikarako grina eta abilezia, kantuan eta esku artean gitarra hartuta. 

Inoiz ulertu duzu musika zaletasun bezala?

Denbora pasa soilaz ari bazara, ezetz esango nizuke. Txikitatik ekin omen nion biolinari ganoraz. Bestalde, lana eta diziplina ere eskatzen ditu. Dena den, badu beste aldetik ere: izan ere, ondo pasatzeko eta disfrutatzeko egiten dudan zerbait ere badenez, zentzu horretan, bada zaletasuna, baita mundu profesionalean ere. Nahiz eta une zailak pasa behar izan, esango nuke niretzat azken xedea beti izan dela jolasa; sorkuntza. Lagunkidetasunaren mugetan sortzen den elkarrizketa magikoa.

Alde handia dago Euskal Herriko goi mailako kontserbatorioen artean?

Instituzioei buruz galdetzen badidazu, bai. Egia esan, azpiegituren erabilera kontuan izanda, beti sentitu izan dut Iruñean ez dagoela behar bezalako antolaketa. Askotan galdetu diot neure buruari nolakoa izango zatekeen bizitzen ari naizen bidaia musikal hau Musikenen lortu nuen tokia onartu izan banu. Han nazioarteko panorama apur bat barneratuago dute; hortaz, orokorrean, maila eta perspektiba zabalagoak topa ditzakezu irakasleen eta ikasleen artean. Mundu kulturala eta artistikoa, berriz, bi lekuetan antzera mugitzen dela esango nuke. Hori bai, Iruñean ez dago Donostiako Hamabostaldia bezalako jaialdi handirik, ezta Jazzaldi erraldoirik ere.

Lan munduari begira, zein izan zen zure apustua? Zertan zabiltza orain? 

Nire kasua nahiko arraroa izan da, goi mailako azken urteetan lesio bat izan bainuen, biolina alde batera uztera behartu ninduena. Errehabilitazio prozesua oso gogorra eta luzea izan zenez, bien bitartean bestelako ikasketak egitea erabaki nuen. Momentu horretan ez nekien sekula lehengora itzuliko nintzen, medikuak ere ez baitziren oso baikorrak. Gaur egun, mina nabarmen gutxitu denez, berriz ere biolinari ekiteko erabakia hartu dut, eta Groningenen nabil ikasketei jarraipena ematen, Herbehereetako iparraldean.

Musikaren mundua oso gogorra da. Zure ustez, gutxietsita al dago beste ikasketekin alderatuta?

Bai, gutxietsita dagoela iruditzen zait, Espainia mailan behintzat. Uste dut euskal herritarrek gero eta gehiago dutela Musikeneren berri, eta pauso handia dela esango nuke, lehen askok ez baitzuten sekula ere entzun musika ikasketa unibertsitarioak zeudenik ere.

Zerbait azpimarratu nahiko zenuke?

Tarte hau aprobetxatu nahiko nuke nire esker ona adierazteko lesio osteko errekuperazioan hain garrantzitsuak izan diren bizilagunei. Etxean eta Anpolaitan, Lokaten eta baita Zarautzen ere, erabakigarriak izan diren pertsonen babesa (eta sabaia) izan ez banu, ez nukeen gaur berriz musika egiteko aukerarik izango.

 

Asier Sarasola: "Dirudiena baino lan aukera gehiago ditu"

Nolakoa izan da zure musika ibilbidea?

Musika eskolako urteez gain, Donostiako kontserbatorioan bi urte egin nituen. Bigarren mailan sartu nintzen, baina, irakasleekin hitz eginda, zertxobait aurreratzea izan nuen: bigarren eta hirugarren mailak batera egin nituen, eta baita laugarren mailako armoniako eskolak ere. Horren ondoren, profesionaleko bosgarren urterako sarrera proba egin nuen, irakasleek ezin zidatelako nik nahi bezainbeste aurreratzen utzi; zuzenagoa zen sarbidea prestatzea. Dena den, bi urte egin ondoren utzi egin nuen; ez nuen titulazio profesionala lortu. Horren ordez, zuzenean goi mailako ikasketetarako sarrera proba egin nuen, eta sartu egin nintzen. 

Zer alde dago zuzenean sartzearen edo profesionaletik sartzearen artean?

Zuzenean handicap handiagoarekin zoaz: azterketak desberdinak dira eta proba gehiago ere eskatzen dizkiote sartu nahi duenari. 

Non egin zenuen goi maila?

Bartzelonan, ESMUCen. Han pasatu nituen lau urte. Musikenen ere saiatu nintzen; ez nintzen sartu, ordea. Dena dela, sartuta ere, agian Bartzelonara joango nintzatekeen. Esperientzia polita izan zen.

Musika eskolan urteak pasatu ondoren, zerk bultzatu zintuen musika ikasketak egitera?

Egia esan, ez neukan garbi musikaren munduan profesionalki aritu nahi nuenik. Musika eskolan nenbilela, txarangetan dezente ibiltzen nintzen. Hala, Segoviako (Espainia) lagun bat ezagutu nuen. Musikako karrera zuen, eta hark eman zidan bultzada. Dena den, ez nuen karrera egiteko xede garbirik; hori gerora erabaki nuen.

Aldea al dago Bartzelonan edo Euskal Herrian ikasi?

Goi mailako ikasketez ari garenean, instrumentuaren garapenaz ari gara. Hor, irakasleak edo mentoreak du pisu handiena, beraz, irakaslea bera da alderik nabarmenena, bakoitzak bere estiloa eta metodoak dituelako. Horrez gain, aipa daiteke alde ekonomikoa ere, ESMUC publikoa baita eta, Musikene, berriz, pribatua.

Bestalde, Bartzelonako giroa biziagoa da musikari dagokionez. Hasteko, Bartzelonan Donostian baino aukera gehiago daude jotzeko. Askoz ere talde edo formazio gehiago daude entzuteko, eta baita jotzeko ere. Horrek esan nahi du lan irteerei begira, han aukera gehiago egongo liratekeela. Dena dela, ez da, inolaz ere, bide erraza.

Tronpetak zer lan aukera eskaintzen ditu? 

Dirudiena baino aukera gehiago dago. Normalena litzateke, interpretazioa eta musika garaikidea ikasi ondoren, talde handietan jotzea, orkestretan eta udal bandetan, esaterako. Horrez gain, talde txikiagoak ere badaude, kamerako musikariak adibidez, baina hortik bizitzea askoz ere zailagoa da. Ohiko beste aukeretako bat irakaskuntza da. Interpretazioa ikasi duten musikari askok bide hori hautatzen dute.

Euskadiko Orkestrarekin aritu zara zenbait kontzertutan. Nola sortu zitzaizun aukera?

Kontratazioari dagokionez, oposizioen antzekoa da orkestraren funtzionamendua: lan poltsa dago, eta bertako jendea ilaran deitzen dute jotzera. Ni ez nengoen zerrenda horretan, baina jendea amaitu zitzaien. Halakoetan, zuzendariek irakasleengana jotzen dute musikariak bidal ditzaten. Horrela egin nituen kontzertu horiek. Bizipen aldetik, bada, pentsa: duela zortzi urte ia ez nuen musika klasikoa ezagutzen, eta kolpera, Mahlerren 2. Sinfonia jotzeko deitu zidaten, orkestra errepertorioan dagoen formazio handienetakoarekin, hau da, orfeoi eta guzti. Ikaragarria izan zen esperientzia. Hori bai, presio handia sentitu nuen. Gauza serioa da, eta areto garrantzitsuetan izan ginen: Euskaldunan, Baluarten…

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!