Orio Eraginek bazkidetza kanpaina abiatu du

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko aza. 12a, 16:54
I. Eragin Egunean ateratako argazkia. (Sergio Cubero)

Egun, 168 neska ari dira Orio Eragin klubean eskubaloian jokatzen, eta olatu horri indarra eman nahi diote, herrian eskubaloia bultzatzeko. Helburua: 300 bazkide izatera iristea.

Orio Eragin klubak bazkidetza kanpaina abiatu du, 300 bazkide lortzeko helburuarekin. Eskubaloi klubak une honetan 200 bazkide inguru ditu, eta beste ehun lagun bildu nahi ditu, herrian eskubaloiari bultzada emateko. Izan ere, aurtengo denboraldian, 7 zazpi talde federatu, alebin mailako hiru talde eta Eskubaloi Eskola ditu Orio Eraginek. "Guztira, 168 neska ari dira klubean eskubaloian jokatzen, eta hori oso kopuru garrantzitsua da Orio bezalako herri batentzat", azaldu dute. Horregatik, olatu horri indarra eman nahi diote, eta bazkidetza kanpaina abiatu dute, oriotarrak eskubaloira gerturatu daitezen.

Bazkide izateko urteko kuota 25 eurokoa izaten da, eta horren truke bazkide txartel digitala jasotzen dute izena ematen dutenek. Hala, Orio Eragin klubeko bazkideek zenbait onura izaten dituzte: eskubaloi partidetan sarrerak edo klubeko arropa erosterakoan beherapena, eta urtean zehar egiten dituzten zozketetan parte-hartze zuzena. Horrez gain, taldea lanean ari da bazkideek onura gehiago izan ditzaten.

Orio Eragineko bazkide egin nahi dutenek klubak horretarako prestatu duen galdetegia bete beharko dute, azaroaren 30a bitartean. Klubaren webgunean, Bazkideak atalean ere badago horretarako aukera eta kanpainari buruzko informazioa. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!