Azaroaren 25a

Aurreiritziak gainditzeko giltza, elkar ezagutza

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko aza. 16a, 10:07
Salatxo aretoan egin zen emakume musulmanen janzkeraren inguruko hitzaldia. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak antolatuta, Emakume musulmandarrak eta euren janzkera. Aurreiritziak gutxitzeko begirada bat hitzaldia izan zen, astelehenean, Orioko Salatxo aretoan. 

Atzerritik etorri denaren ohiturak ulertzea ez da beti erraza izaten; desberdintasunetan jarri ohi da fokua askotan, "mendebaldeko kultura eta bizimodu hegemonikoa aintzat hartuta". Zapia daramaten emakume musulmanen kasua da adibide garbia, emakume horiek "zapalduak" daudela pentsatzen baita askotan. Aurreiritzi hori gainditzeko asmoz egin zen astelehen iluntzean, Emakume musulmandarrak eta euren janzkera. Aurreiritziak gutxitzeko begirada bat hitzaldia Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolak antolatuta.

Biltzen Gizarteratzearen eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuko teknikari Maya Amrane izan zen hizlaria, eta emakume musulmanen janzkeraren inguruan zabalduta dauden hainbat ideia oker argitzen saiatu zen. Hitzorduan bildu ziren gaiarekiko interesa duten emakumeak, tartean herriko hainbat emakume musulman ere bai. Hala, teknikariaren azalpenak entzuteaz gain, eztabaidarako tartea ere izan zuten.

Arrazoiak

Sarrera gisa, Amranek azaldu zuen Euskal Herrian, oraindik, zapia daramaten emakumeak "eremu publikoan ikusezinak" badira ere, munduko herrialde askotan eszena publikoan "naturaltasunez" parte hartzen dutela: "Politikariak, medikuak, ingeniariak, pilotuak, kirolariak eta musikariak dira, besteak beste. Izan ere, zapia daramaten emakumeek aldarrikatzen dute zapiak burua eta ilea tapatzeko balio diela, baina ez diela burmuina eta pentsatzeko gaitasuna murrizten".  

Jarraian, emakume musulmanek zapia erabiltzeko arrazoiak azaldu zituen bizikidetza teknikariak: "Gehienek sinismenagatik erabiltzen dute, norberaren ibilbide espiritualaren adierazle gisa; beste batzuk, berriz, beren identitatea islatzeko, gizarteak ezartzen dituen janzkera kodeari aurre egiteko edo gizonen begiradetatik ihes egiteko. Horrez gain, badira sinesdunak izan gabe, zapia daramaten emakume zapalduei elkartasuna adierazteko jantzi dutenak; baita modan dagoelako erabiltzen dutenak ere".

Zapia daramaten emakume musulman gehienak, "beren borondatez" jantzi dutela azaldu ondoren, ordea, Amranek aitortu zuen badirela "gutxi batzuk familiak edo inguruak behartuta" erabakia hartu dutenak. "Euskal Herrian, gertatzen dira horrelako kasuak, adin txikiko eta nerabeen artean, batez ere. Zenbait aitak edo familiak behartzen dituzte zapia janztera, eta gizarte zerbitzuek eskatuta, esku hartzeak egin behar izan ditugu kasu horietan". Horren aurrean, hitzaldian parte hartu zuten emakume musulmanek argi adierazi zuten, "emakume bakoitzaren erabakia" izan behar duela zapia erabiltzea, "inork behartu gabe".

Gaia «politizatua»

Zapiaren erabileraren auzia "politizatu" egin dela azaldu zuen Biltzen zerbitzuko teknikariak. "Ez da mendebaldean bakarrik gertatu, baita herrialde musulmanetan ere. Gehiengo musulmana duten herrialdeetan, zapia musulman izatearen sinbolo bilakatu da, eta ez erabiltzeagatik zigortzen dituzte emakumeak".

Mendebaldean, aldiz, jende askok ulertzen du zapia emakume musulmanek bizi duten "zapalketaren adierazle" dela, eta Maya Amranek azaldu zuen, "zapia erabiltzen duten emakumeak gaizki ikusiak" daudela, oraindik. Gainera, emakume horiek "salbatuak" izan behar dutenaren ideia ere zabalduta dagoela adierazi zuen. "Batzuek pentsatzen dute emakumeei zapia kentzera animatuta, zapalketatik ihes egiten lagunduko dietela. Horiei beti gauza bera esaten diet; emakume bat zapalduta dagoela iruditzen bazaie, laguntzeko modurik onena hezkuntza eta lan munduratzeko baliabideak eskaintzea dela, horrela lortuko duelako independentzia ekonomikoa eta bere  buruaren jabe izatea". Ildo horretan, Euskal Herrian zapidun emakumeek lana bilatzeko dituzten arazoak aipatu zituzten.

Eztabaida

Hitzaldian eztabaida sortu zen hainbat gairen inguruan. Izan ere, entzule gisa joan ziren emakume musulmanek adierazi zuten Islama ez dela errepresiboa. Bertako zenbait emakume, ordea, ez zeuden baieztapen horrekin ados, eta adierazi zuten "erlijio guztiak" direla "zapaltzaileak". "Ez naiz Islamaz ari, kasu honetan kristautasunaz ari naiz, guk ondo ezagutzen dugulako erlijioak zer-nola arautu izan duen gizartea eta emakumearen portaera".

Horren aurrean, emakume musulman batek bere ikuspuntua azaldu zuen: "Ni Marokon jaio nintzen, eta nire familian emakumea ez da inoiz zapaldua izan. Unibertsitatean zuzenbidea ikasi nuen, eta ezkondu nintzenean Euskal Herrira etorri nintzen, eta orain etxekoandrea eta ikaslea naiz, nik hala nahi dudalako, ez inork horretara behartu nauelako. Uste dut Islama ezagutzeko modurik onena zuzenean Corana irakurtzea dela. Izan ere, arazoa ez da erlijioa bera, horretaz egiten den interpretazioa baizik. Horregatik, argi dut fokua ez dela erlijioan jarri behar, erlijioaren izenean min ematen duen horiengan baizik, pertsonengan, alegia".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!