Julio Villarren 'E, petrel!' liburua euskaratu du Ibon Gaztañazpik

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 17a, 17:43
Ibon Gaztañazpi eta Julio Villar, gaur goizean, Pasaiako Albaola faktorian. (Argazkia: Beñat Parra/Irutxuloko Hitza))

Villarren liburua 1974an argitaratu zuten lehenengoz, eta gerora, beste hamabost edizio atera dituzte, izan duen arrakastagatik. Gaztañazpik 17 urte zituela irakurri zuen liburua aurreneko aldiz, eta beretzat "erreferentziala" izan dela esan du gaur goizean Pasaiako Albaolan egin duten aurkezpenean. 

Julio Villar abenturazale, alpinista eta idazle donostiarraren Eh, petrel! liburu ezaguna euskarara itzuli du Ibon Gaztañazpi oriotarrak. Gaur goizean aurkeztu dute Pasaiako Albaolan, hain zuzen ere, Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin eta Zumardia elkartearekin elkarlanean argitaratu baitute liburua.

Villarren liburua 1974an argitaratu zuten lehenengoz, eta gerora, beste hamabost edizio atera dituzte. Villarrek berak 1968ko apiriletik 1972ko uztailera egindako bidaia bat du hizpide liburuak, bidaia hartan idazten joan zen sentipenak, bizipenak eta bestelakoak. Villar Bartzelonako portutik abiatu zen, Mistral izeneko belaontzi txiki batean eta Ozeano Atlantikoa, Ozeano Barea eta Indikoa zeharkatu zituen, bidean geldialdiak eginez, besteak beste, Kariben, Galapagoetan, Zeelanda Berrian, Ginea Berrian, Australiako iparraldean, Timorko itsasoan, Indiako ozeanoan, Txagos uhartedian, Madagaskarren, Mozambiken, Hegoafrikan eta Brasilen. Guztira, 38.000 itsas milia baino gehiagoko bidea egin zuen, eta Lekeition (Bizkaia) bukatu zuen abentura.

Villar pozik agertu da bere liburua orain euskaratu izanarekin: "Duela 50 urte, liburua idatzi nuenean, zeinek esango zidan orain hemen egongo ginela, euskarazko bertsioa aurkezten. Oso eskertuta nago. Liburuak asko egin du hegan orain arte, eta hegan egiten jarraituko du".

Gaztañazpirentzat ere berezia izan da Eh, petrel! euskaratzea: "17 urterekin irakurri nuen estreinakoz, eta erreferentziala izan zen niretzat. Ondoren, handik hainbat urtera, Hawaiira joan nintzen lan kontuengatik, eta, hango hondartza batean nengoela, liburua berriz irakurtzen hasi nintzen. Nire bigarren haurra jaio berri zen, hipoteka bat neukan sinatuta, eta Hawaiiko hondartza hartan liburua irakurtzen ari nintzela, ispilu baten modukoa izan zen niretzat, iradokitzen zidanagatik: alde batetik, irakurtzen jarraitu nahi nuen eta bidaia horrekin jarraitu nahi nuen, baina, bestetik, bizitza errealeko errutina ikusten nuen. Orduan, itzuli behar nuela erabaki nuen". Liburua "oso ederra" dela nabarmendu du, baina edertasunaren gainetik zera aldarrikatu nahi izan du: "Liburuaren atzean mundu bira bat dago, benetako muturreko abentura bat".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!