Donostiatik Zumaiarantz zihoan trenak istripua izan du Orion, eroritako zuhaitz bat aurrez aurre jota

Onintza Lete Arrieta-Maria Maya Manterola 2022ko aza. 23a, 09:30

Donostian 08:20ean ateratako Euskotren zerbitzuko trenak izan du ezbeharra, baina inork ez du minik hartu, eta Arraunetxera arteko bidea trenbidetik oinez egin dute trenean ziren 50 bidaiari inguruk. Han, autobusa hartu dute bidaiarekin jarraitzeko. Zarautz eta Zumaia arteko zerbitzua ere etenda dago beste zuhaitz bat erori delako bertan.

Donostiatik Zumaiarantz zihoan 08:20ko trenak istripu arina izan du Oriora heltzear zela, trenbidera eroritako zuhaitz bat aurrez aurre jo baitu. "Sustoa" bai, baina zorionez, inork ez du minik hartu, eta 50 bidaiari inguruk oinez egin dute Arraunetxera arteko bidea, trenbidetik bertatik, gidariaren kabinatik atera ondoren. Han, autobusa zuten zain, eta errepidez jarraitu dute bidaia.

Zumaia eta Zarautz artean ere erori da beste zuhaitz bat, baina arazo gutxiago eragin ditu. Dena den, zerbitzua etenda dago eta autobusez ari dira Zumaia eta Usurbil arteko lotura egiten. Gainera, konponketa horiek luze jo dezaketela ohartarazi du Eusko Trenbide Sareak (ETS); izan ere, horretaz arduratzen diren langileek zailtasunak dituzte tokira iristeko. Azaldu dutenez, bidean zihoazela A8 autobidean gertatu den beste trafiko istripu batek errepidea blokeatu du eta atzeratu egingo ditu lanak.

(Argazkiak: Maria Maya Manterola/UKT)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!