Azaroaren 25a

Azaroaren 25erako elkarretaratzea deitu dute herriko bi ikastetxeek eta udalak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko aza. 23a, 13:35
Herriko bi ikastetxeetako, udaleko eta ahalduntze eskolako ordezkariak, gaur eguerdiko aurkezpenean. (Aiora Larrañaga)

Elkarretaratzea, ostiralean, 11:30ean izango da Herriko Plazan, eta Zaragueta Eskolako eta Orioko Ikastolako ikasleek parte hartuko dute; guztira, 700 haur eta gazte inguru bilduko dira. Gurasoak ere indarkeria matxistaren aurkako eta tratu onen aldeko aldarriarekin bat egitera animatu dituzte.

Indarkeria matxista gaitzesteko eta tratu onak aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu dute Zaragueta Eskolak, Orioko Herri Ikastolak eta Orioko Udalak, azaroaren 25erako, ostiralerako. Gaur eguerdian aurkeztu dute egitasmoa udaletxean, eta Orioko Ahalduntze Eskolak ere bat egin du deialdiarekin. Anuska Esnal alkateak aurkezpenean azaldu duenez, "indarkeria matxistarik gabeko herria" nahi dute, eta horretarako urratsak ematen ari dira. "2019an Orioko emakumeen diagnosia egin zen, eta bertan ondorioztatu zuten Orio herri matxista dela, eta eragin egin behar dugula aldatzeko. Behar horretatik abiatuta sortu zen Emakumeon Ahalduntze Eskola". Ahalduntze Eskolako kide Eider Goiburuk, jarraian, hezkuntzak bide horretan duen garrantzia azpimarratu du. "Indarkeria matxista adin eta eremu guztietan ematen da, modu oso desberdinetan. Argi dago egiturazko arazoa dela, eta hori aldatzeko egiturazko baliabideak jarri behar ditugu. Horregatik, gizarte matxista aldatzeko bide nagusia hezkuntza da, eta guretzat oso garrantzitsua da haur eta gazteek azaroaren 25eko aldarrietan parte hartzea, eurak direlako herriko oinarria; gizarte berria eraikitzeko aukera eta ahalmena dute".

Aurkezpenaren bigarren zatian, herriko eskoletako bina ikaslek hartu dute hitza, eta ostiraleko elkarretaratzearen nondik norakoak azaldu dituzte. Hitzordua, 11:30ean izango da Herriko Plazan, eta LH1tik DBH4ra bitarteko ikasleek, irakasleek eta gurasoek parte hartuko dute; guztira, 700 haur eta gaztetxo bilduko dira. Hasieran, alkateak egingo die harrera, elkarretaratzearen arrazoiak gogora ekarriz, eta ondoren ikastetxe bakoitzeko bina ikaslek adierazpena irakurriko dute udaletxeko balkoitik: Zaraguetako Itxaso Lopetegik eta Luis Casanovasek eta Ikastolako Beza Ijurkok eta Urko Bravok hartuko dute hitza. Jarraian, Aner Peritz bertsolariak prestatutako bertsoak kantatuko dituzte elkarretaratzen biltzen direnek, eta horrekin emango zaio bukaera ekitaldiari. Ekitaldia modu bateratuan antolatu dute Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako udalek eta eskolek, Zarauzko Berritzeguneak koordinatzen duen Hezkidetza Foroaren baitan. Horregatik, herri guztietan adierazpen bera irakurriko dute eta Peritzen bertsoak kantatuko dituzte. Parte-harzaileei soinean zerbait morea jantzita eramateko eskatu diete.

Ekitaldiaren helburu nagusia izango da indarkeriaren matxistaren kontrako eta tratu onen aldeko mezua zabaltzea. Orioko Udalak eta herriko ikastetxeek uste dute "ezinbestekoa" dela gaiari buruzko gogoeta egitea kalean, etxean eta eskoletan, eta horretarako, gaia plazara ateratzea eta herritarrak arazoaz jabetzea nahitaezkoa dela iruditzen zaie. Horregatik, egunotan gaia jorratzen aritu dira ikasleak eskoletan, maila bakoitzera egokitutako eran. Gainera, kartelak prestatu dituzte eta herriko establezimenduetan banatu. Udalak eskerrak eman dizkie ikastetxeei gaia lantzeko egiten duten ahaleginagatik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!