Anjel Lertxundik omenaldi hunkigarria jaso du bere jaioterrian

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 25a, 14:00

Aritz Mutiozabal eta Ibon Gaztañazpi kazetariek Lertxundirekin izan duten elkarrizketa-solasaldia izan da saioaren muina, baina aitortza ekitaldian beste hainbat herritarrek ere hartu dute parte: Xabier Lizaso piano jotzaileak, Xabier Sukia eta Jon Sarasua bertsolariek, Eli Manterola Karkara kultur elkarteko kideak, Anuska Esnal Orioko alkateak eta Anjel Lertxundiren bost bilobek, besteak beste. 

Anjel Lertxundiri omenaldi polita egin zioten atzo iluntzean bere jaioterrian. 19:00ak pasatxo zirela ekin zioten Karkara kultur elkarteak udalaren babesarekin antolatutako ekitaldiari, kultur etxeko areto nagusia leporaino zela.

Xabier Lizaso piano jotzailea izan zen oholtzara igotzen aurrena, eta hark ireki zuen saioa Maurice Ravelen abesti batekin. Haren ostean, Iñaki Iturain ekitaldiaren sustatzailek hartu zuen hitza, ekitaldiaren muina izango zenari bide emateko: Anjel Lertxundirekin elkarrizketa-solasaldia. Aritz Mutiozabal eta Ibon Gaztañazpi kazetariak izan ziren hori gidatu zutenak eta Lertxundiri hamaika kontu polit kontarazi zizkiotenak. Umetako oroitzapenez, euskararen lehengo eta oraingo egoeraz, literaturan egindako lehen urratsez eta ondorengo ibilbideaz eta beste hainbat kontuz jardun zuen Lertxundik.

Ekitaldiaren bigarren zatiak, berriz, gehiago izan zuen aitortzatik eta sorpresatik; izan ere, Lertxundik espero ez zituen herritar ugari igo ziren agertokira. Aurrena, bere bost bilobak; gero, Eli Manterola Karkara kultur elkarteko kidea eta Anuska Esnal Orioko alkatea; eta bukatzeko, Xabier Sukia eta Jon Sarasua bertsolariak. Lertxundik biziki eskertu zuen herrikideengandik jasotako beroa. 

Datozen egunetan ekitaldiaren idatzizko kronika eta bideoa argitaratuko ditu KARKARAK bere webgunean, eta datorren ostiralean argia ikusiko duen abenduko KARKARA aldizkarian ere izango du tokia atzoko elkarrizketa-solasaldiak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!