Pentsatzen duen herri bat

Erredakzioa 2022ko aza. 28a, 17:58
Aritz Pardina, Orioko liburutegian. (Aitziber Arzallus)

Filosofia herriratzea du helburu Aritz Pardina oriotarrak, eta, azken bi urteetan zenbait hitzaldi antolatu ondoren, irakurketa tailerrak abiatu ditu Orion oraintsu. Aritz Mutiozabal kazetariak Gipuzkoako Hitza-rako landutako erreportajea da honakoa.

Bakoitza bere bizipenekin joaten da, eta tailer hauen gauzarik politena zera da, testu batek bakoitzari iradoki diezaiokeena gainerakoekin lantzea. Hori da aberasgarriena". Aritz Pardinak (Orio, 1996) erronka nagusi bat jarria dio bere buruari: filosofia herriratzea. Horretarako, irakurketa saioekin hasi da azaroan, Orion, eta "gustura" dago emaitzarekin, bost laguneko taldetxo bat osatu ahal izan baitu. Pardinaren saiakera, ordea, duela bi urte Orioko gaztetxean abiatutako Pentsamendu Tailerrarekin hasi zen —sasoi hartakoak dira Tolosako Pote Filosofikoak eta Goierriko saioak ere—. "Seriotasun akademikoa" albo batera utzi eta filosofia "ulerterrazagoa" bihurtzeko “ahalegin arriskatu” bat da.

Pandemiaren atarian antolatu zuen lehen mintegia oriotarrak, duela bi urte eta erdi, eta Agustin Arrieta eta Maddi Nazabalek eman zuten lehen solasaldi hura, umorearen inguruan. Saioak "harrera bikaina" izan zuen, eta, pandemia igaro ostean, beste pare bat saio antolatu zituen hizlari adituekin. Ondoren, Pardinak berak hartu zuen solasaldiak emateko ardura. "Hainbat faktorek eraginda" jendearen erantzuna ez zenez espero bezalakoa izan, formatua aldatzea otu zitzaion, eta, hilabete honetan, irakurketa saio moduan lantzen hasi da filosofia.

Talde egonkor bat helburu

Batetik, gaztetxetik Orioko Salatxo aretora lekualdatu du pentsamendu gunea, "herritik gertuago" dagoelako. Bestetik, irakurketa formatuari bide ematea erabaki du, "jendearen parte hartzea erraztuko" duelakoan. Pardinak ez du ulertzen tailer hori feedbackik gabe; hau da, ez du nahi jendea kontzertu bat entzutera joan eta amaitzen denean bezala etxeratzea. "Talde egonkor bat sortu nahi dut aurrera begira; hamar bat lagunekin konformatuko nintzateke. Jarraitutasuna eta interesa izango lukeen talde bat nahi dut, iritzia emango duena", azaldu du.

Irakurri erreportaje osorik Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!