IRITZIA

Orio haurtzaroko begietatik

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urt. 24a, 10:02
Orioko argazki zaharra. Anbulategiaren sarreran ikus daiteke irudi hau.

Urtarrileko KARKARA aldizkarian, Aiora Larrañaga kazetariak Oriok azken hamarkadetan jasandako bilakaeraren inguruko iritzia argitaratu du. Orain sarean da irakurgai.

Azken 20 urtetan %38 hazi da Orio. Ehunekotan hazkunde ikaragarri da, baina biztanleria datuek atentzio handiagoa eman didate: 2001. urtean 4.427 biztanle zituen herriak eta 2021ean, berriz, 6.107. Datuek erakusten duten bezalaxe, denboran atzera begiratzen dudanean, gaur egungoarekin alderatuz desberdina den herria datorkit gogora. Ez hobea, ezta okerragoa ere. Desberdina: txikiagoa.

Bi kale ditut gogoan: Goiko Kalea eta Beheko Kalea. Azken honek, gainera, kale bakarra zuen: Eusko Gudari kalea, bi noranzko zituena. Arrantzale kalea ere bazen, baina garai hartan, anbulatoriotik Balea kalearen bidegurutzeraino iristen zen, Kutxa pareraino alegia. Eta zer zegoen bada hortik aurrera? Palotak, baratzeak eta eskabetxeria. 

Gogoan dut, orduan, Ikastolako laborategia, eta plastika eta teknologia gelak gaur egun KTA eraikinean kokatuta zeudela, eta eskola ordutan horietara joatea tokatzen zitzaigunean, baratzetatik barrena joaten ginela. Zenbat errieta egin ote zizkiguten, bidean entretenitu eta behar baino denbora gehiago galdu genuelako.

Ikastola aurrean, berriz, gaur egun plazoleta dagoen tokian, harriz, lokatzez eta hondarrez estalitako orubea zegoen, eta hantxe ibiltzen ginen jolasean: batzuk arbustu artean txabolak egiten eta beste asko hondarretan txingoka, laukitxoetan destornilladore txikia sartu nahian. Gaur egun, pentsaezina izango litzateke.

Moilako paisaia ere desberdina zen, baporez beteta egoten zen garai hartan, eta ostiraletan arrantzaleak marearekin sartzen zirenean, irudi ederra uzten zuten. Gogoan ditut, arrantzaleak ontzitik moilara salto egiten eta saregileak korrika-pustuko konponketa egiten; baita, uda garaian marinelek nola eramaten zuten esku banatan isatsetik helduta hegaluzea etxera. Bizi-bizia zen moilako giroa. Udan, gainera, atun egosi usaina nabarmena izaten zen kalean, familia askok prestatzen zituztelako urte guztirako atun kontserbak, sotoetan.

Hondartzan ere eraldaketa nabarmena gertatu da. Futbol zelai zaharra, kanpinari itsatsita zegoen orduan, eta euria egiten zuenean hondartzako aparkalekua putzuzuloz betetzen zen. Ur-izkinara iristeko, berriz, dunak zeharkatu behar izaten genituen; orduko hondartzako tabernak eta jatetxeak bai zirela benetako txiringitoak. Eta nola ahaztu hondartzako duna-zelaiak domingeroz betetzen ziren garaiaz; orduan ez zen TAO makinarik herrian, eta eskolako mahaitxoa autobide azpian jarrita, kobratzen zieten hondartzarako sarrera bisitariei. 

Horrez gain, beste hainbat bitxikeria ere oroitzen ditut. Etxeetako iristen zen ura oraindik edangarria ez zenean, esaterako, iturrietara ur bila joateko ohitura handia genuen oriotarrok, eta auzo bakoitzak bazuen bere iturria: Bikamiotakoa, Pillikukoa, Frontoiko aldapakoa, Kale Nagusiko aldapa hasierakoa… Gaur egun, aipatutako iturri gehienek lehengo toki berean jarraitzen dute, baina aspaldi desagertu ziren horien bueltan sortzen ziren ilarak eta hizketaldiak.

Etxeak eraiki eta azpiegiturak hobetu diren heinean, herria aldatu egin da, eta pixkanaka lausotu egin da gure haurtzaroaren eszenatoki izan zen Orio, eta herri eroso eta modernoagoari eman dio bidea. 

Nik neuk ez dakit zerk eragin duen azken urtetako bilakaera demografikoa, eta seguru nago adituek faktore asko nabarmenduko lituzketela: autobideko sarrera-irteera, hondartzako eremu berritua, eta abar.  Baina, iruditzen zait Arrantzale kalearen bueltan egindako etxeak, Erriberak bezala ezagunak direnak, inflexio puntu garrantzitsua izan zirela herriarentzat. Ez 90eko hamarkadaren bigarren erdian egin zituzten lehen etxe berri horietara kanpoko jende asko etorri zelako bizitzera, Arrantzale kalea sortu zenean, muga ikusezin bat zeharkatu zelako baizik. Izan ere, sentipena dut ordutik etenik gabe hazi eta eraldatu dela herria.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!