Orioko hezkuntza-eskaintzaren inguruko eskuorria partitu du Orioko Udalak

Azaroaren 25ean,elkarretaratzea egin zuten herriko ikastetxeetako ikasleek.

Esku-orriarekin herrian dagoen hezkuntza eskaintza zabalaren berri eman nahi du udalak, eta, era berean, Orioko haurrek herrian ikasteak duen garrantzia azpimarratu.

Orioko Udaleko Hezkuntza Batzordeak eskuorria prestatu du Orioko ikastetxeei buruzko informazioa herriko etxe guztietara zabaltzeko. Lehenbiziko aldia da hori egiten duela eta, bi helburu bete nahi izan ditu, batetik, herrian dagoen hezkuntza eskaintza zabalaren berri ematea, eta, bestetik, Orioko haurrek herrian ikasteak duen garrantzia azpimarratzea.

Orion bi ikastetxe daude —IPI Zaragueta Herri Eskola eta Orioko Herri Ikastola— eta bestelako lau hezkuntza-eragile: Maria Maestra Haurreskola, Danbolin Musika Eskola, Ludoteka eta Gaztelekua. Orioko Udalaren esanetan "guztien artean ederki asetzen dituzte herriko haur eta gazteen ikasketa- eta aisialdi-beharrak". Gainera, nabarmendu du "oso kalitate oneko eskaintza daukala herriak hezkuntza formalaren alorrean. Bai Zaragueta eskolak eta bai ikastolak euskaraz irakasten dute eta bat datoz herriaren ezaugarriekin eta apustu estrategikoekin: kalitatezko hezkuntza euskalduna eta eleaniztuna, euskal kulturaren transmisioa eta sustapena, Orioko curriculumean oinarritutako edukiak, herrian txertatutako jarduerak, inplikazioa, errespetua, hezkidetzaren lanketa, ingurumenaren zaintza…"

Egunotan banatu den eskuorriaren edukia ikastetxeekin landu du Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!