Ana Arruti

"Alaba arraunean hasi zenetik, alerik hutsik egin gabe, estropada guztietara joan gara"

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 22a, 16:46
Ana Arruti. (Onintza Lete Arrieta)

San Nikolas Jaien bueltan, Orioko Arraun Elkarteak egin zuen banderen bedeinkazioan, Ana Arruti izan zen amandrea. Hala, urtarrileko aldizkarian tartea egin zion KARKARAk, eta txikitatik datorkion arraun zaletasunaz aritu zen.

Ana Arruti (Orio, 1964) txikitatik izan da arraunzalea. Gurasoengandik datorkio afizioa, eta arraun denboraldian senarra eta biak alde batetik bestera ibiltzen dira Orio Arraunketa Elkarteko taldeak animatzen. Zer esanik ez Nadeth Agirre alaba patroi hasi zenetik. Aurtengo denboraldia bikaina izan da alabarentzat, eta baita amarentzat ere, banderen bedeinkazioko amandrea izan delako bera. 

Kontxa irabazi du aurten Orio Arraunketa Elkarteko nesken traineruak, eta beraz, banderak bedeinkatu dira. Ekitaldiko amandrea zeu izan zara. Berezia izango da zu bezalako arraunzale batentzat, ezta?

Poz ikaragarria hartu nuen. Presidentea [Iosu Esnaola] eta Maider [Arrillaga] etorri zitzaizkidan Nadethekin, eta esan zidaten ni izango nintzela amandrea, eta jesukristoren sorpresa hartu nuen. Oso eskertuta nago zuzendaritzari, bai egiten ari diren lanagatik, bai niri eman didatelako amandrea izateko aukera. 

Inoiz pentsatuko al zenuen zu izendatuko zintuztela?

Ez. Nire ingurukoren bat izan zitekeela ikusten nuen, uste dudalako edozein arraunlariren amak izan behar lukeela amabitxi, amok beti hor gaudelako. Ni izan naiz, baina beste edozein arraunlariren ama izan balitz ere ikaragarri gustura egongo nintzatekeen. 

Zeure alabak ere jarri zuen sareetan, zu zinela ama guztien ordezkari. 

Hori da. Iruditzen zait ama denok merezi dugula hori. Niretzat poz handia izan zen, eta Nadethentzat ere berezia izan zen. Oso-oso ondo pasatu genuen eguna, eguraldi ederra tokatu zen eta denok joan ginen klubera bazkaritara. Beste urteetan ere beti joan izan naiz bazkari horretara.

Banderen bedeinkapenaren egunean norbait bereziki izan zenuen gogoan?

Gurasoak. Hilda daude, eta bizi izan balira pozarren egongo ziratekeen. Oso arraunzaleak ziren. Umetan oinez joaten ginen gurasoekin Kontxako estropadak ikustera, Oriotik Igeldora. Estropadak ikusi, bazkaldu, eta etxera. Udako momentu gorena izaten zen hura guretzat, sekulako eguna.

Txikitatik zara zalea, beraz?

Bai, txiki-txikitatik joaten ginen estropada guztietara. Alaba hasi zenetik, berriz, alerik hutsik egin gabe, estropada guztietara joan gara. 12-13 urterekin hasi zen, kasualitatez, klubean. Patroia falta zutela eta deitu zioten, eta ordutik ez da gelditu ere egin. 

Zeuek hain arraunzaleak izanda, polita izango da alaba hor goian ikustea, ezta?

Bai, oso polita da. Bi alaba ditugu, eta horretan oso desberdinak dira: zaharrena ez da batere zalea; Kontxara bakarrik etortzen da. Nadethekin, berriz, egun osoan arraunaz hitz egiten dugu etxean, beste gairik ez dugu. 

Alabaren atzetik urte asko daramatzazue.

Bai. Bere ametsa Kontxa irabaztea zen, eta askotan galdetzen zidan ea inoiz irabaziko ote zuen, eta nik zera esaten nion: 'zuk bai, irabaziko duzu, eta segi lanean'. Beti esaten zidan ez zuela hil nahi Kontxa irabazi gabe, eta nik beti baietz esaten nion, nahiz eta batzuetan pentsatu ezinezkoa zela irabaztea.

Azken urteak oso gozoak ari dira izaten, baina urte gogorrak ere izan dira...

Bai. Urte mordoan aritu ziren segi eta segi, hamar bat edo bai, Kontxa irabazi arte. Gero bigarrena etorri zen, eta aurten, hirugarrena. Bigarren gelditzen zirenean beti triste etortzen zen etxera Nadeth, eta ama horretarako dago, animatzeko. Aita eta bikotea ere bai, baina ama ama da.

Kamiseta horia soinean ikusiko zaitugu hemendik aurrera ere estropadaz estropada?

Bai, uda guztiko gure planak horiek izaten dira. Batelak hasten direnetik joaten gara, nahiz Nadeth ez aritu bateletan. Senarrari gustatu egiten zaio, eta desiratzen egoten gara udaberria noiz iritsiko. Jada ari gara Galiziako asteburuarekin pentsatzen, han jokatzen baita hemendik kanpora aurreneko estropada. Hotela eta gauzak hartu behar izaten dira, eta badakizu...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!