XVIII. mendeko naufragoaren eskaintza berregin du Peronak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urt. 22a, 12:30

Juan Antonio Leizaur marinelak, Terranovan izandako naufragio batetik bizirik atera ondoren, Zikuñagako Ama Birjinari eskaintza gisa egindako fragata zahar-berritu du Jesus Mari Peronak.

Jesus Mari Perona zahar-berritze proiektu batean murgilduta egon da azken hilabeteetan. Orioko Kultur Etxean ikusgai izan zuen erakusketa muntatzen ari zela, Hernanitik etorri zitzaion erronka. Izan ere, XVIII. mendean, Juan Antonio Leizaur marinelak, Terranovan izandako naufragio batetik bizirik atera ondoren, Zikuñagako Ama Birjinari eskaintza gisa egindako fragata zahar-berritzeko eskatu zioten. "Zikuñagako Ama Birjinaren ermitako komisioa jarri zen nirekin harremanetan, eta beren nahia azaldu zidaten. Ontzia nire tailerrera ekartzeko eskatu nien, zer egin nezakeen ikusteko. Oso egoera txarrean zegoen, eta ia bidali nituen bueltan". Hala ere, maketaren istorioa kontatu ziotenean, harrapatu egin zuen proiektuak. 

Peronak erronka gisa hartu zuen zeharo hondatuta zegoen ontzia zahar-berritzea, eta lanean ari zen bitartean naufragoarekin enpatia sentitu zuela aitortu du. "Orion barran itotako asko izan dira, tartean gure familiako bi kide, eta etxean asko sentitu ditugun gertaerak izan dira. Ni neu ere erdi itoan ibilia naiz, Bizkarraneko etxearen parean erriora erorita, eta badakit zer nolako estutasuna pasatzen den. Zer esanik ez izoztuta dauden Terranovako uretan. Handik bizirik atera zenak zenbat promesa egingo ote zituen, eta horietako bat Zikuñagako Ama Birjinari fragata hori eskaintzan ematea". Horregatik, proiektua onartzea erabaki zuen, berak egiten ez bazuen Juan Antonio Leizaurren eskaintza desegingo zela jakitun baitzen.

Ezustekoa

Perona itsasontzi maketagile trebea izateaz gain, aditua da arlo horretan, eta urratsez urrats ekin zion lanari. Lehenik eta behin garbitu egin zuen, eta aztertzen hasi zenean "pieza ona" zela ohartu zen. "Bazituen ezaugarri interesgarriak: zedro egur onarekin egina zegoen, eta konturatu nintzen ontzi hori landu zuena ez zela marinela, ebanista edo tailugile batek egina zela. Izan ere, marinelek egindako mota horretako eskaintzak baldarragoak izaten dira, labanarekin landutakoak askotan". Esku trebeko pertsona batek lana zela ikusi zuen, ordea. Izan ere, ontziaren kroskoa egur pieza batetik abiatuta egina zegoen, eta brankan zituen gila eta popako pieza ere egur horretan zizelkatuta zeuden, baita alboetako zintak ere. "Guk, esaterako, gaur egun, horiek denak ondoren jartzen dizkiogu kroskoari", zehaztu du Peronak.

Sei hilabetez aritu da proiektu horretan lanean, eta "pozik" dago emaitzarekin. "Oso gustura geratu naiz zahar-berritzearekin. Interesgarria izaten da beti, besteek aurretik landutakoa nola egina dagoen aztertzea, eta konturatu nintzen bi lagunen artean egindako pieza dela. Antzematen da aparejuak beste norbaitek egin eta muntatu zituela, agian Leizaur marinelak bera izango zen, baina ezin dugu zehatz-mehatz jakin", aitortu du oriotarrak. Aparejuak dira ontziaren kubiertatik gora dauden elementuak: mastak, belak, sokak eta horrelakoak. "Xehetasunek atentzioa eman zidaten. XVIII. mendean ez zituzten gaur egun ditugun baliabideak, eta polea batzuk botoi txikiekin eginak zeuzkan eta beste batzuk berunarekin". Ontzia oso hondatuta zegoenez, apareju asko txikituta zeuzkan, eta Peronak ezin izan zituen horiek guztiak errekuperatu, eta berriak egin behar izan zituen.

Norbaitek fragata bertatik bertara ikusi nahi izango balu, Hernaniko parrokian jarri dute ikusgai, Zikuñagako Ama Birjinaren kaperan, martxoaren amaieran Zikuñagako Ama Birjinaren ermitara eramaten duten arte. Jesus Mari Peronak ez daki fragatak nola zuen izena, eta zenbat xehetasunekin txosten bat egin badu ere, ontzi horren nondik norakoak ezagutzea historian aditua den lagun batentzat proiektu polita izan litekeela uste du.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!