Bellidok eta Iriondok zilarrezko domina bana lortu dute Euskadiko Pista Estaliko Txapelketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urt. 23a, 15:30
Jokin Bellido podiumean Euskadiko Absolutu mailako Pista Estaliko Txapelketan. (Orioko Atletismo Taldea)

Asteburuan, Xabat Elortzak eta Ibai Makazagak Espainiako Kros Txapelketa jokatuko dute Euskal Selekzioarekin.

Asteburuan, Euskadiko Absolutu mailako Pista Estaliko Txapelketa jokatu da Donostiako belodromoan, eta Orioko Atletismo Taldeko kideek zilarrezko bi domina lortu dituzte. Jokin Bellidok, larunbatean, 1.500 metrotan lortu zuen bigarren sailkatzea, eta lasterketa berean, Sunhai Huegunek ere lan bikaina egin zuen. Igandean, berriz, Martin Iriondo gaztea izan zen 3.000 metroko lasterketan, 8:41 denbora eginda, zilarra lortu zuen; lasterketa berean, Xabat Elortzak ere marka ederra lortu zuen, 8:56 denbora markatuz. Horrez gain, Ibai Agirrezabalek emandako maila ere azpimarratu du Orioko Atletismo Taldeak, dominarik lortu ez bazuen ere, 200 eta 400 metrotan marka pertsonalak ezarri baitzituen.

Asteburuan krosa

Datorren asteburuan, Espainiako Kros Txapelketa jokatuko da Ortuellan (Bizkaia), eta bertan parte hartuko dute Orioko Atletismo Taldeko bi kidek Euskal Selekzioarekin: Xabat Elortza Sub 20ean arituko da, eta Ibai Makazaga Senior mailan. Taldeak zorte ona opa die bi atletei eta lan bikaina eginda bueltatzea espero dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!