Orioko Emakumeen* Etxea sortzeko prozesua jarri dute martxan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urt. 25a, 09:42

Orioko Emakumeen* Etxeak Pilliku plazako Iturriaga Jauregian izango du egoitza, lehen turismo bulegoa eta Done Jakue Bidearen interpretazio zentroa egon ziren eraikinean.

2019an Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskola martxan jarri zutenetik, proiektua indarra hartuz joan da, eta, aurten, urrats garrantzitsua emango da herrian arlo horretan, Orioko Emakumeen* Etxea sortuko baitute, Pilliku plazako Iturriaga Jauregian, lehen turismo bulegoa eta Done Jakue Bidearen interpretazio zentroa egon ziren eraikinean. Ahalduntze Eskolako arduradunek azaldu dutenez, "Orioko emakumeen jabetzea eta saretzea indartzea izango da Emakumeen* Etxearen helburu nagusia; modu horretan emakumeon partaidetza soziala eta politikoa bultzatzeko, emakume guztion aniztasuna kontutan izanik: adina, jatorria, sexu identitate eta orientazioa, besteak beste".

"Herriko emakume anitzentzako espazioa eta elkargunea" izango den etxea sortzeko lanean ari dira hilabete hauetan Ahalduntze Eskolako kideak, proiektuari forma ematen. Horregatik, jakinarazi dute, urtarrilean eta otsailean ez dela izango ohiko programaziorik. Hala ere, aholkularitza juridikoak martxan jarraituko du, orain arte bezala, hileko azken astelehenetan, eta Ahalduntze Eskolako bulegoko ateak ere irekita izango dituzte, edozein zalantza, proposamen edo bisita jasotzeko. Aholkularitza juridikorako hitzordua hartzeko edo Ahalduntze Eskolarekin harremanetan jartzeko kultur etxeko lehen solairuan duten bulegora bertaratu daitezke emakumeak, –astelehenetik ostiralera, zabalik izaten da 09:00etatik 13:00etara–, ahalduntzeeskola@orio.eus helbide elektronikora idatzi edo 623 17 85 53 telefono zenbakira ere hots egin.

Emakumeen Mahaia

Emakumeon* Ahalduntze Eskola sortu zenetik, herriko emakume anitzen ahotsa entzun eta hauen beharrak asetzeko ekimen eta udal politika ezberdinak bultzatzen aritu da Ahalduntze Eskola. "Prozesu horretan, argi ikusi dugu emakumeon parte-hartzea ezinbestekoa dela berdintasun politikak herritik eraiki ahal izateko. Horregatik, Emakumeen* Mahaia jarri dugu martxan", azaldu dute proiektuaren arduradunek. Aurrerantzean, gainera, zeresan handia izango du Emakumeen* Mahaiak. Izan ere, Emakumeen Etxearen kudeaketaz gaur egun Ahalduntze Eskola zuzentzen duen Pertzetik Elkartea arduratuko bada ere, espazioaren funtzionamendua eta erabilera arauak Emakumeen* Mahaian erabakiko dira. "Emakumeen Mahaia Emakume Etxearen inguruko erabakigune nagusia izatea aurreikusten dugu, eta baita honen eguneroko jardunaren jarraipena egingo duen organoa ere", zehaztu dute.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!