Kirola beste begirada batetik azaltzeko, 'Kirolaz Haratago' erakusketa zabaldu dute

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urt. 27a, 10:05
Gipuzkoako Kirol Egokituko ordezkaria, Joseba Altuna kirolari oriotarra eta Anuska Esnal alkatea. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Orio Denontzat egitasmoaren barruan antolatu dute argazki erakusketa, oriotarrak gaiarekin sentsibilizatzeko. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko jardueren argazkiak bildu dituzte bertan. Asteazken iluntzean egin zuten aurkezpena Kultur Etxean.

Asteazkenean, Kirolaz Haratago izeneko argazki erakusketa zabaldu zuen Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak Orioko Kultur Etxean, eta aurkezpen ekitaldian izan ziren federazioko kideak, Orioko Udaleko eta Berdin Berdinak elkarteko ordezkariak, eta hainbat kirolari.

Argazki erakusketa Orio Denontzat egitasmoaren barruan antolatu dute. Izan ere, pasa den urtean parte hartze prozesu bat abiatu zuten Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Orioko Udalak, herrian desgaitasunaren eta aniztasunaren inguruan zer errealitate dagoen ezagutzeko; herriko irisgarritasuna nola hobetu daitekeen hausnartzeko ere bai.

Aurkezpenean parte hartu zuten udal ordezkariak, kirolariak eta federazioko kideak. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)


Ondoren, irailean, sentsibilizazio saioak egin zituzten herriko bi eskoletan, ikasleei aniztasunaren inguruan begirada zabaltzeko asmoz. Kirolaz Haratago argazki erakusketa ere Orio Denontzat egitasmoaren barruan antolatu dute. Federazioak azken urteetan egin dituen txapelketa eta jardueretan Fernando Zamarbide argazkilariak ateratako argazkiak bilduta daude, eta herritarrak gaiarekin sentsibilizatzea du helburu. Egitasmoari amaitzeko, Ibon Oregi kirolariak hitzaldia eskainiko du otsailaren 8an, 17:30ean hasita.


Prozesu "aberasgarria"


Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko arduradunen esanetan, Orioko Udalaren parte hartzea "oso garrantzitsua" izan da bide horretan. Anuska Esnal Orioko alkatearen iritziz, prozesua "aberasgarria" izan da. "Udalean irisgarritasun planak baditugu, eta agintaldi honetan hainbat esku hartze egin ditugu herria egokitzeko: zebrabideak igo eta ate automatikoak jarri, esaterako". Hala ere, orain arteko plan horiek teknikariek eta politikoek erabakitakoak izan dira, eta herritarren ahotsa falta zaie, bereziki, egunero zailtasun horiek gainditu behar dituzten pertsonena. Horregatik, udalak parte hartze prozesua abiatu zuen federazioarekin elkarlanean, udalari garrantzitsua iruditzen zaiolako "herritarren bizipenetan oinarritutako ekarpena" oinarri izatea datozen irisgarritasun planak garatzeko.

Gainera, egitasmoarekin hiru ildotan eragitea lortu dutela nabarmendu zuen Esnalek: batetik, udalean, baina baita hezkuntzan, eta herritarrengan ere. "Uste dugu erakusketara etorriko diren herritarrek kirola beste begirada batetik ikustea, herria eraldatzeko beste modu bat dela". Aurkezpena bukatzeko, kirolak eman diona azaldu eta bertsoa bota zuen pilota egokituko jokalari Joseba Altunak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!