Hegazti-gripea atzeman dute Oriako itsasadarrean hilda zeuden hiru kaiotan

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 28a, 13:00
Kaio bat. (utzitakoa)

Neikerrek detektatu ditu kasu positiboak eta Algeteko laborategiak berretsi, aldundiko Ingurumen sailak jakitera eman duenez. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Patogenotasun Handiko Influenza Aviarren foku berri bat atzeman du Oria itsasadarraren inguruan, hilik aurkitu dituzten hiru kaiotan. Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak jakinarazi duenez. Neikerreko Animalien Osasuneko Laborategiak detektatu ditu aipatu positiboak, eta Algeteko Erreferentziazko Laborategiak berretsi ditu.

Iaz hegazti-gripearen 22 foku aitortu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; guztiak ere hegazti basatiei eragin zien, hala nola alkatrazen, putreen, zikoinen, antzarren eta antzarren espezieei. Ingurumen sailak aditzera eman du, 2021eko urritik hona, orain arte erregistratu den hegazti-gripearen epidemia garrantzitsuena bizitzen ari dela Europan: 6.000 foku baino gehiago izendatu dira 37 herrialdetan. Gainera, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzaren eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroaren baterako txosten batek duela gutxi ohartarazi zuenenez, birusa uretako hegaztien bidez hedatzeak etxeko hegaztien kasu gehiago eragiten ditu.

Era berean, informazio materiala eta eskuliburuak atera dituzte, susmorik izanez gero nola jokatu azaltzeko. Argitu dutenez, birus horrek oso infekzio gaitasun txikia du pertsonentzat, eta ez da transmititzen hegazti-okelaren, arrautzen edo hegaztien bidezko edozein elikagairen bidez. Edonola ere, birusaren edozein zirkulazio saihesteko, hilik edo hilzorian egon daitezkeen hegazti basatiak ez manipulatzea gomendatzen dute, eta 112 telefonoaren bidez berehala larrialdi-zerbitzuei jakinaraztea, foru zerbitzuek lehenbailehen erretiratu ditzaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!