Manisfestaziora deitu du Sarek bihar Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko ots. 3a, 15:49
Diespertsioff ekimeneko deialdia. (Aiora Larrañaga)

Orioko plazatik irtengo da manifestazioa, 12:30ean, eta herria zeharkatuko du, "eskubide urraketa guztiei amaiera emateko eta dispertsio egoerarekin amaitzeko" eskatuz.

Gregorio Eskudero Orioko presoaren dispertsio egoera salatzeko, manifestaziora deitu du Sarek bihar. Izan ere, Eskudero da Euskal Herriratu gabeko eskualdeko preso bakarra. "Beste hamabi presorekin batera, oriotarrak bizi duen dispertsio egoera salatu eta azken hilabete hauetan euskal presoen gerturatze prozesuak izan duen etenak sortzen duen kezka plazaratzeko" bilduko dira bihar, Urrunketarik ez, Gregorio etxera! lelo hartuta.

Orioko plazatik irtengo da manifestazioa, 12:30ean, eta herria zeharkatuko du, "eskubide urraketa guztiei amaiera emateko eta dispertsio egoerarekin amaitzeko" eskatuz. Orioko Sarek azaldu duenez, Gregorio Eskuderok "aspaldi" eskatu zuen formalki Euskal Herrira ekartzea, baina bere eskaera oraindik ez da errealitate bihurtu. "Gure kezka hortik dator, oraindik badaudelako hainbat preso urrunduta. Azken hilabeteetan dispertsioa amaitu dela esaten duten arren, gure herriko egoera bestelakoa da, eta Gregorioren egoera salatu nahi dugu".

21 urte urrunduta

Eskuderok hilabete honetan 21 urte beteko ditu preso, eta zigor osoa betetzeko bederatzi urte falta zaizkio, Orioko Sarek azaldu duenez. "Espetxeetako legedi arrunta ezarri ordez, beste hainbat euskalduni bezala salbuespen legedia ezarri zaio, 2002an atxilotu zutenetik. Gregoriok 21 urte pasatu ditu lehen graduan, progresiorako inolako aukerarik gabe, eta hasieratik ezeztatu zizkioten edozein euskal presori bezala dagozkion oinarrizko eskubideak", adierazi dute.

Orioko Sarek aitortu du azken bi urteetan euskal presoen egoerak hobera egin duela, baina salatu du oraindik ere "iraganeko garaietan ainguratutako indarrek aurrerapauso txikiak saboteatzen" jarraitzen dutela. "Hortxe daukate kateatuta Gregorio. Orain bigarren graduan dago: lehen baino jarduera eta patio ordu gehiago ditu, baina erabaki politikoengatik jarraitzen du egoera horretan", argi utzi nahi izan du mugimenduak. Izan ere, 2010ean zigorraren laurdena beteta zuenez, "irteera baimenak eduki zitzakeen", azpimarratu dute: "Aspaldidanik hirugarren graduan egon zitekeen oriotarra eta, hemendik denbora gutxira, baldintzapean aske". Horren ordez, Palentziako (Espainia) Dueñas kartzelan dagoela salatu dute, bere etxetik 310 kilometrotara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!