Orioko ikasleek bat egin dute minbiziaren aurkako aldarriarekin

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 4a, 09:40

Astean zehar, herriko bi eskoletan lazo erraldoi bana osatu dute ikasleek, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteko Orioko kideek deituta. Gainera, gaur 13:00etan Herriko Plazan lazo handi bat irudikatzeko deia ere egin du elkarteak, minbiziaren aurka borrokan oriotar guztiek bat egin dezaten.

Gaur, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek bat egin dute Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak egun honen bueltan martxan jarri duen kanpainarekin. Egitasmoaren helburua da gizartea kontzientziatzea eta minbiziaren prebentzioan inplikatzea. Hala, astean zehar, herriko bi eskoletan lazo erraldoi bana osatu dute ikasleek, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteko Orioko kideek deituta. Gainera, gaur 13:00etan Herriko Plazan lazo handi bat irudikatzeko deia ere egin du elkarteak, minbiziaren aurka borrokan oriotar guztiek bat egin dezaten.

Adituek jakinarazi dutenez, 2030erako 5.000 minbizi kasu berri izatea aurreikusten da Gipuzkoan, eta errealitate horrek "gizarte osoari" eragiten diola gogoratzeko, Guztiok Minbiziaren Aurka kanpaina sortu dute. "Izan ere, zuzenean edo zeharka guztioi eragingo digu, maite ditugun edo gertuko ditugun pertsonen gaixotasunaren bidez". Horregatik, 2030ean minbizia duten herritarren %70ak gaixotasuna gainditzea lortzeko, prebentzioa, kasuak goiz atzemateko detekzio goiztiarra eta ikerketa oso garrantzitsuak direla nabarmendu du elkarteak. "Horretarako, gizarte osoaren konpromisoa ezinbestekoa izango da, eta funtsezkoa da herritarrek, erakunde publikoek, enpresek eta eragileek bat egitea".

Ikerketa lana gaixoen biziraupena areagotzeko ezinbestekoa dela uste du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak, eta jakinarazi du hiru diru-laguntza lerro eman dituela ikerketa proiektuetarako: Amaia Zipitria doktoreari, ikerketa-talde gazteak bultzatzeko; Marcos Jesus Arauzo Bravo doktoreari, minbiziaren arloko medikuntza pertsonalizatuan ikerketa bultzatzeko, eta Maria Hernandezi laborategiko praktikak egiteko. Guztira, 480.000 euro bideratuko dituzte ikerketa arlora.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!