Jendetza elkartu da Gregorio Eskuderoren etxeratzea eskatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 4a, 16:00

Sarek deituta egin dute manifestazioa Euskal Herritik at espetxeratuta jarraitzen duen eskualdeko preso bakarraren egoera salatzeko.

Gregorio Eskudero presoaren etxeratzea eskatzeko manifestazioa egin dute gaur eguerdian Orion. Hain justu, Espainiako Espetxe Erakundeak beste sei preso Euskal Herriratuko dituela jakinarazi eta biharamunean egin dute Sarek deitutako mobilizazioa; izan ere, Eskudero ez dago horien artean eta Euskal Herritik kanpoko kartzela batean espetxeratuta jarraitzen duen zazpi presoetako bat da, Urola Kostako bakarra.

Sareko kideek azaldu dute, gainera, gerturatuko dituzten presoetako bi Eskuderorekin batera daudela espetxeratuta Palentziako Dueñas espetxean, eta beraz "bakarrik" geratuko dela Orioko presoa, beste behin. Izan ere, Galizatik Palentziara 2021ean gerturatu zutenean ere han jarraitzen zuen preso bakarra zen.

Hori horrela, Joaldunen eta Gregorio Etxera! zihoen pankartaren atzean herria zeharkatu dute ehun lagun baino gehiagok. Plazan hasi eta plazan amaitu dute ibilbidea eta ekitaldia ere egin dute bertan. Aitor Arregi Ximel-ek egin ditu aurkezle lanak eta Egoitz Eizagirre izan da plazan jarri dute oholtza gainera deitu duen lehenengoa bertso bat abesteko.

Bertsolariaren atzetik, Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaleak idatzia irakurri du, zeinare bidez salatu duen Eskuderoren etxeratze prozesua "oztopatuta" dagoela hasieratik; izan ere,  "Euskal Herriko kartzela batean egoteaz gain, hirugarren gradua izateko eskubidea dauka". 70 urte beteko ditu aurten Orioko presoak eta horietatik 21 daramatza espetxean. Hori esanda, Oiartzabalek nabarmendu du iragana gainditzeko ordua dela: "Bada garaia iraganeko politika hau atzean utzi eta urrunketaren mamua atzean uzteko. Bada garaia salbuespeneko legedia atzean utzi eta lege arrunta aplikatzen hasteko. Bada garaia mendetu eta gorrotoan oinarritutako neurriak desagertzeko. Bada garaia elkarbizitza guztion artean eraikitzen hasteko. Horrela izan arte, guk lanean jarraituko dugu".

Ekitaldia alaitasunez amaitzeko, kanta bat abestu dute Iñaki Gurrutxagak eta Idoi Berasaluzek.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!