Kalejira bana egingo dute herriko bi ikastetxeek inauteriak ospatzeko, ostiral goizean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 14a, 10:52
Euskal inauteriak. (Baleike)

Zaragueta Eskolako ikasleak kalejiran iritsiko dira plazara han ekitaldia egiteko, eta Ikastolako LHko ikasleek ere kalejira egingo dute herrian barrena, eta Ikastola aurreko plazan elkartuko dira Haur Hezkuntzako ikasleekin.

Asteburuan inauteriak ospatuko dituzte Orion, baina herria girotzen hasteko, Orioko Herri Ikastolak eta Zaragueta Herri Eskolak kalejira bana antolatu dute ostiral goizerako. Zaraguetakoak aterako dira lehenengo kalera; 10:30ean eskolatik irten eta plazarako bidea hartuko dute, Arrantzale kalea zeharkatuz. Herriko Plazan ekitaldia egingo dute, eta ikasleek prestatutako dantzak eskainiko dituzte jendaurrean. Aurtengoan, Euskal Inauteriak gaia hartu dute ardatz Zaragueta Eskolan.

Orioko Herri Ikastolan goizean goiz hasiko dute festa. Lehenengo gelan ospatuko dituzte ikasleek inauteriak jolasak eginez, eta 11:30ean pregoia botako dute inauteriei hasiera emateko; ondoren, LHkoek herrian barrena kalejira egingo dute Bikamiotara, eta 12:10 inguruan, Ikastola aurreko plazan elkartuko dira HHko ikasleekin, guztien artean kalejira egiteko.

Hala, batzuek eta besteek mozorro dotoreak jantzita, festa giroan emango diete hasiera inauteriei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!