Iñaki Carretero: "Ipuinak ez du eredugarria edo moralista izan behar"

Unai Etxenausia - Berria.eus 2023ko ots. 19a, 14:48
Iñaki Carreteo ipuina kontatzen, bere txakurra lagun duela. (Iñaki Carretero)

Aste honetan Berria egunkariak elkarrizketa egin dio Iñaki Carretero ipuin-kontalari oriotarrari. Hogeita bost urte pasatu dira Carreterok bere lehen ipuinak kontatu zituenetik, eta horretatik bizi da ordutik. Jendeari istorioak kontatzea da haren helburua betidanik.

Betidanik kontatu izan dira ipuinak. Lehen, telebistarik ez zegoenean, ezta irratirik ere, jendea entretenitzeko kontatzen ziren. Tabernatan, jauregietan, herrietan, hirietan... Antzina Euskal Herrian zehar kontatzen ziren ipuin klasiko askok gaur arte iraun dute.

Ofizio zaila bada ere, gaur egun badaude ipuinak kontatzen eta jendea gozarazten aritzen direnak. Iñaki Carreterok (Orio, Gipuzkoa, 1970) 25 urte daramatza ipuinak kontatzen. Ipuin bakoitzari bere nortasuna ematen dio, ondoren entzuleak nahi duen bezala interpretatu ahal izateko.

Nola definitzen duzu zeure burua? Ipuin kontalaria, kontalaria bakarrik, narratzailea…

Nik ipuinak kontatzen ditut; istorioak kontatzen ditut. Ipuin kontalaria, narratzailea... berdin zait nola definitu.

Istorio on guztiek amaiera zoriontsua izan behar al dute?

Batzuk ondo amaitzen dira, eta beste batzuk, gaizki. Argi daukat istorio guztiak nahi duen bezala interpretatu eta amaitu behar dituela entzuten ari den pertsonak. Entzule bakoitzak nahi duen amaiera ematen dio istorioari. Nik ipuinak kontatzen ditudanean, zirrara eragin didaten istorioak dira. Neure egiten ditut, baina maiestatikoak izan ez daitezen saiatzen naiz. Kontatzen ari dena ni izan arren, bakoitzak nahi duen bezala sentitu eta bizi behar du.

25 urte daramatzazu istorioak kontatzen. Ez da gutxi...

Horretatik bakarrik biziz, gainera. Gogorra da ipuinak kontatzetik bizitzea, kultura ez baitago baloratuta. Aldi berean, pozgarria da jendea ipuinekin hunkitzen dela sentitzea. Jendeari pentsarazten diozu, eta garrantzitsu sentiarazten duzu. Norberak nahi bezala bizi eta gozatzen du istorioaz: niretzat, ipuinak ez du moralista edo eredugarria izan behar.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus atarian

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!