IRITZIA

Jolasa arnasa denean

Jone Arruabarrena 2023ko mar. 7a, 10:20
Haurrak hondarretan jolasean.

Jone Arruabarrenak iritzi artikulua idatzi zuen Otsaileko KARKARA aldizkarian. Orain irakurgai dago sarean.

Haurrentzako ilusioz betetako egunak izaten dira Gabonak. Berriro etxeak jostailuz bete ditugun honetan, zaborrontziak gainezka.

Sentsibilitate gehiago daukan gizarte honi begira, oraindik ere, Gabon bueltako jolas iragarki sexista berdinak telebistan.

Play, Game, Xbox, Amon Gas arropa salgai denda ezagunetan.

Ikasgeletara sartu eta jostailuak diruditen ikasmaterial berri eta erakargarriak eskuetan.

Hau gutxi balitz, ikasgeletara itzuli eta hain preziatuak eta horrenbesteko zaintza behar duten jostailu eta bildumak ikasleen motxiletan bueltan, eta gurasoen kexak emailetan.

Gaur hitza eman, bihar haizeak eraman

Askotan entzun eta esan dugu zein garrantzitsua den haurrentzat jolasa.

Game, play, juego, jolasa hitzak ere askotan erabiltzen dira, baina ez daukate esanahi bera.

Zer ote da jolasa?

Goazen bada, jolasaren inguruko esaldi famatuena aztertzera.

"Haurrak zikinak etortzen badira, ondo pasatu duten seinale". Baina hitzak haizeak eramaten dituen gizarte honetan, jolas aske horren aurrean haurrek ezezko ugari entzuten dute. Aldiz, jostailu edo gailuen aurrean, baiezko ugari eta mugarik ez.

Teoriak teori, asko eta asko ikertu da haurren jolasaren inguruan, eta ahoa hitz ponpoxoz betetzen badugu ere, praktika ez da berdina. Bazkari edo afari batera joan behar, eta haurren jostailu poltsa prestatzea bihurtzen da ekintza garrantzitsuena.

Hitzontzi, huts-ontzi

Hau dena gutxi balitz, entzun eta entzun egin behar, gainera. Zenbat aditu eta aritu aholkuak ematen etengabe.

Presaka bizi garen gizarte kontsumista, indibidualista eta konpetitibo honetan aholkuak ugari, baina hemen ere erantzun eta ekintzak, gutxi.

Gizakia animaliaren ezaugarri aberatsenetatik urruntzen ari den sentsazioa darabilkit buruan.

Nori berea da zuzenbidea

Hemen hasten da nire jolasa, zuek baitzarete nire etorkizun, kresal eta esperantza.

Haurra zaren hori, zuri zuzentzera noa hitzokin.

Karroan goxo-goxo zoazen haur horri: manipulatu ezin dituzun gailuak dituzu buru gainean, baina hala ere, aukera hoberena zure eskuei begira jartzea da goiz eta arrats. Jarrai dezazula zure gorputza aztertzen.

Karroan aurrera begira zoazen horri: jarraitu ematen dizuten materiala lurrera botatzen behin eta berriz. Etengabeko akzio-erantzun horren bila baitzabiltza, nahiz eta helduok ez jakin.

Eta zu? Isilik zabiltzan hori. Zure bila hasi eta ezin aurkitu nabilen honetan, hor zabiltza hain preziatua den komuneko paperari tiraka behin eta berriz. Ekintza errepikakor hori dibertigarria, noski.

Zuei, aterki zale horiei, pergolara joan eta aterkiekin etxe zoragarriak sortzen dituzuen horiei: zoragarriak zarete. Jarrai dezazuela aterki azpian ezkutuko jolasak sortzen.

Azkenik, abenturazale horri zuzendua: jarrai dezazula poltsikoak harriz eta arez betetzen. Zuhaitzetara igotzen, eta eskuak makilaz betetzen. Baina, aldi berean, zaindu ondare natural hori, berriro egon dadin eskuragarri.

Zuei

Mila esker haurrei, benetan, ikaskuntza honetan nire begirada onartzeagatik.

Eta, nahi izanez gero, zuri: guraso, herritar, eragile edo interesa agertzeko prest zaudeten orori. Hemendik hausnarketarako gonbita luzatzen dizuet.

Hitzak eta iritziak alde batera utzita, goazen ekintzetara, eta has gaitezen gu ere jolasean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!