Martin Perona: "Gazteek denbora behar dute kalean jotzen ikasteko eta indarra hartzeko"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 8a, 11:10
Martin Perona musikaria. (Arnaitz Rubio Aprea)

Orioko Udalak herriko txaranga sortu nahi du, eta horren harira, urte luzez herrian 
bizi-bizirik izan zen txarangaz aritu da solasean Martin Perona musikaria.

Urtez luzez txaranga indartsua izan zen Orion, eta harrobia bazegoen. Nola lortzen zen hori?

Gure aita, Karlos Perona, oso musikazalea zen, eta musika eskolako kontzertu guztietara joaten zen haurrek nola jotzen zuten entzutera. Klarinetea edo tronpeta txukun jotzen zuen gaztetxoren bat ikusten bazuen,  harengana hurbiltzen zen kontzertuaren bukaeran, eta zein familiatakoa zen galdetzen zion. Telefonoa eskatzen zion gurasoekin hitz egiteko, eta etxe azpiko garajera gonbidatzen zituen haurrak entsegu batzuk egitera. 

Horrela egin al zituzten lehen urratsak txarangan herriko musikariek?

Bai, lehenengo Aliron eta Bat bi hiru lau kantuak erakusten zizkien. Musika mintzaira bazekitenez, segituan ikasten zituzten, baina entseatu eta entseatu edukitzen zituen ondo ikasi arte. Horiek bikain zekizkitenean, Aste Santuko prozesiorako piezak erakusten zizkien, eta jarraian, danborradakoak. Lehen, urtean lau emanaldi eskaintzen genituen: Erregeen kabalkadakoa, Balea Eguneko saioa eta San Pedro eta San Nikolas bezperetako ekitaldiak. Gaztetxoak horietarako ondo prestatuta egotea nahi izaten zuen.

Nork osatzen zenuten herriko txaranga?

Guk ez genuen txaranga izenik. Musikari talde bat ginen, eta arraunlariei harrera egin behar zitzaienean edo ekitaldiren bat zegoenean, gure aitak banan-banan deitzen zigun hitzordurako. Esperientzia genuen musikariok eta mutil koskorrek osatzen genuen taldea, eta indar gehiago izateko, Hernaniko [Gipuzkoa] musika bandako kideak ere etortzen ziren laguntzera. Jendea bazegoen, baina musika taldea indartu egin behar izaten da kalean jotzeko, eta Hernaniko lagunekin talde ederra osatzen genuen.

Beraz, kalean jotzeko kantuak jakitearekin ez da nahikoa izaten.

Ez, faktore askok eragiten dute, eta gazteek denbora behar dute kalean jotzen ikasteko eta indarra hartzeko. Ez da nahikoa kantuak ezagutzea. Kalean jotzeko trebatu egin behar da, ez baita gauza bera musika tresna bat eserita jotzea, zutik, geldirik edo oinez; gaztetxoak, normala den bezala, hasieran, erdibidean instrumentua jo ezinik geratzen dira, eta hori konpentsatzeko, eskarmentua eta indarra dituen musikariak egon behar du alboan. Gazteek horrela gustura eta seguru jotzen dute.

Noiz hasi zen herriko taldearen gainbehera?

87 urte zituen gure aitak azken saioa egin zuenean. Arraunlariek bandera irabazi zuten, eta ongietorria egin genien; hurrengo egunean, berriz, tronbosiak eman zion, eta hil egin zen. Gure aita bizirik izan zen bitartean, arraunlariei ez ezik, beste hainbat kirolariri eta kultur arloko eragileri ere jo genien Alirona: Juan Karlos Intxauspe erremontistari, Esteban Azkue plater tiratzaileari, Kamel Ziani korrikalariari, Oiana Blanco judokari, Orioko Futbol Taldeari... Danbolin musika eskolako ikasle talde batek urrezko domina lortu zuen Santanderreko [Espainia] lehiaketa batean, eta etxera bueltatu zirenean, Aliron eta Bat bi hiru lau joz egin genien ongi-etorria; errepidetik iritsi ziren plazara, herriko txaranga aurrean zutela, arraunlariak bezala. Gazte horiek hartu zuten ezustekoa eta poza! Herrian batzuek diote arraunlariei bakarrik egin izan diegula harrera, eta egia da ohitura dela bandera irabazitakoan ongietorria egitea, baina askoz gehiago izan dira. Azken urteetan ere izan dira Alirona jotzea merezi izan duten taldeak eta kirolariak, baina ezin izan dugu egin, horretarako talderik ez dugulako. 

Garaia desberdina al zen?

Lehen, gure aita bizi zenean, harrera bakoitzeko eskupekoa ematen zuen udalak. Taldean parte hartzen zuen musikari bakoitzarentzat bospasei euro ematen zituen, eta suziriak botatzen zituenak ere guk bezalaxe kobratzen zuen. Mutil koskorrek poz ikaragarria hartzen zuten. Aita hil ondoren, saiakerak egin dira herrian txaranga osatzeko, baina ahaleginean geratu izan dira.

Zergatik ez dute aurrera egin?

Osatu izan ditugun txarangak hiru hankakoak izan direlako. Txarangak lau hankakoa izan behar du, eta laugarren hanka hori sendotasuna, esperientzia eta indarra izanda lortzen da; beste herri batera jotzera deitutakoan erantzungo duen txaranga bat osatuta, alegia. Horretarako, denbora behar izaten da, eta gertatu zaiguna da legeak eta burokraziak ito egin gaituela. Orain, urtean zehar herrian saio batzuk egiteko, elkartea sortu behar da: horrek dakartzan izapideak egin; Ogasunean behar diren zergak ordaindu, eta hori guztia zuzen egon dadin, kudeatzaile bat kontratatu. Esperientziarik gabeko musikari talde txiki batentzat gehiegizko nahaspila da hori, urtean emanaldi gutxi batzuk eskaintzeko. Guk zaletasunagatik jotzen genuen txarangan, baina azkenerako paper kontuez hitz egiten denbora gehiago pasatzen genuen musika jotzen baino, eta txarangako kideak desanimatzen joan ginen. Horrelaxe desegin zen. Formatzen ari den txaranga bati ezin zaio eskatu Incansables txarangaren pare jartzea. Aurrena musika indartu behar da, eta hori lortu aurretik akuilua sartzen bada, akabo. Orain hiru lagun ateratzen gara, borondatez, harrera egin behar denean, eta asko gustatuko litzaidake gazteak ere animatzea, musikari gazteen harrobia sortu dadin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!