69 ontzik parte hartuko dute larunbat arratsaldeko Oriaren Traineru Jaitsieran

Andrea Zipitria 2023ko mar. 10a, 13:53
Orialki enpresan egin zen Oriaren 29. Traineru Jaitsieraren aurkezpena. (Andrea Zipitria)

Guztira, 930 arraunlari inguru bilduko dira hitzorduan, eta bi bandera izango dira jokoan. Antolatzaileen esanetan, jaitsierak aukera ematen du "arraunlariak bertatik bertara ikusteko".

Atzo aurkeztu zuten Oriaren 29. Traineru Jaitsiera Oiartzunen (Gipuzkoa), eta Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidentea eta Anuska Esnal Orioko alkatea han izan ziren. Prentsa agerraldian, bihar arratsaldean jokatuko duten estropadaren xehetasunak azaldu zituzten, eta kirola eta festa giroa uztartuko dituen hitzordua izango dela aurreratu zuten.

Esnaolak azaldu zuenez, 69 ontzik parte hartuko dute jaitsieran: bederatzi llagut-ek, beteranoen mailako 29 ontzik, emakumezkoen hamar traineruk eta gizonezkoen 21ek. "Guztira, 930 arraunlari inguru bilduko dira, eta espero dugu larunbat arratsaldean giro ederra sortzea errioaren inguruan. Oso egun polita izan ohi da, aukera ematen duelako arraunlariak bertatik bertara ikusteko, eta estropada barrutik ezagutzeko eta sentitzeko".

Aurten, gainera, berrikuntza gisa, herriko arraun elkarteak lau ontzi aurkeztuko ditu lehiara; hiru ontzi gizonezkoen kategorian, eta beste bat, emakumezkoen mailan. "Seniorren mailako entrenatzaileek ikusi dute aukera dagoela gizonezkoen mailan normalean baino ontzi bat gehiago aurkezteko, eta jubenilen mailako arraunlarien laguntzarekin, gizonen hiru ontzik parte hartuko dute etxeko jaitsieran", azaldu zuen elkarteko presidenteak.

Esnaolak aitortu zuen arraun elkarteentzat "hitzordu garrantzitsua" bihurtu dela Oriaren Traineru Jaitsiera. "Apirilean jokatuko den San Pedroko Test Estropadarekin batera, Oriaren Jaitsiera erreferentzia garrantzitsua bihurtu da arraun taldeentzat, bertan ikusten delako neguan egindako lanaren emaitza". Azken bi urteotan, Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen taldeak irabazi du etxeko jaitsiera, eta aurten ere garaipena lortzeko esperantza badute taldeko arduradunek. "Gustatuko litzaiguke nesken zein mutilen ontziek garaipena eskuratzea. Badakigu zaila izango dela, lehia estua delako taldeen artean, baina saiatuko dira".

"Ikusmina"

Alkatearen hitzetan, "arraun denboraldiaren hasiera gisa" ulertzen dute arraunzaleek Oriaren Jaitsiera, eta "ikusmin handia" sortzen du herrian. "Arrauna gure ondarea da, eta jaitsierak jende asko erakartzen du herrira".

Orain arte otsailean egin izan dute jaitsiera, baina aurten, martxoan izanda, bisitariek herriko kanpinean ostatu hartzeko aukera izango dutela gogorarazi zuen Esnalek. "Badakigu dagoeneko erreserba batzuk egin dituztela kanpinean, ostatuetan, tabernetan eta jatetxeetan, baita inguruko sagardotegietan ere. Guztiok jai egun polita pasatzea espero dugu".

17:30ean hasiera

Oriaren Traineru Jaitsieran bi bandera izango dira jokoan, eta bi ibilbide zehaztu dituzte. Mapil eta Sarikola paretik abiatuko dira traineruak, eta helmuga Orioko erdigune parean kokatuko dute. Sarikolatik irtengo dira emakumeen, llagut-en, mistoen, jubenilen, beteranoen eta seniorren kategorietako ontziak, eta 4.000 metro osatuko dituzte. Absolutu mailako taldeak, berriz, Mapil-Aginagatik abiatuko dira, eta 6.000 metro egingo dituzte. Lehen traineruak 17:30ean abiatuko du estropada, eta minutuero aterako dira besteak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!