Orio eta Bermeo nagusi izan dira euripean jokatu den Oria ibaiko traineru jaitsieran

Juan Luis Romatet 2023ko mar. 11a, 21:46

69 ontzik hartu dute parte gaur arratsaldean jokatu den Oria ibaiko XXIX. traineru jaitsieran. Senior mailan, Orio izan da nagusi emakumeetan eta Bermeo gizonetan. 

Negu giroarekin jokatu da gaur arratsaldean Oria ibaiko traineru jaitsieraren XXIX. edizioa. Guztira, kategoria eta ontzi mota guztiak batuta, 69 ontzi lehiatu dira euripean eta hezetasun handiarekin jokatutako estropada honetan. 

Oraindik ere traineru ligak ofizialki hasteko hiru hilabete inguru falta dira, eta arraun klubak beraien prestakuntza findu nahian dabiltza denboraldira begira. Hala, gaurkoa bezalako hitzorduak test moduan jo daitezke, klub bakoitza une jakin horretan zer modutan aurkitzen den jakiteko. 

Kataluniatik espresuki etorritako llagut motako ontziak izan dira ibaian behera egiten lehenak. Kategoria honetan, baita ondoren atera diren beteranoen eta emakumeen mailetan bezala, 4.000 metroko distantzia egin behar izan dute errioan beheran, Saikolatik Orioko zubira bitartean. 

Ontzi mantsoak dira llagutak eta ondoren atera diren traineru batzuk pasatu ere egin dituzte, ondoren atera badira ere. 

Llaguten eta beteranoen traineruen ondoren, emakumeen txanda izan da. Hamar ontzi lehiatu dira emakumeetan eta lau kilometroak egiten azkarrena etxeko ontzia izan da, Orio Orialki, 14:39,45 denborarekin. 14 segundoko aldea atera dio bigarren izan den Donostiarrari (14:53,22) eta 27 segundo hirugarren egin duen Tolosaldeari (15:06,71). Eskualdeko beste ontziei dagokionez, Zumaia-Delteco seigarren izan da (15:26,87) eta Zarautza-Gesalaga zortzigarren (15:36,01).

Gizonek, berriz, senior kategorian, 6.000 metroko distantzia egin behar izan dute Mapil (Aginaga eta Orioko hirigunera arte. 21 ontzi atera dira guztira, eta Bermeok lortu du denborarik onena: 19:38,19. Bigarren Orio Orialki A sailkatu da, irabazlearekiko zazpi segundora (19:45,06) eta hirugarren Hondarribia A (19:50,72). Orio Orialki B zortzigarren izan da (20:39,86), Getaria bederatzigarren (20:43,06), Zumaia Delteco hamaikagarren (20:46,60), Zarautz hamabigarren (21:51,60) eta Orio Orialki C hogeigarren (22:11,85).

Beteranoen estropada

Beteranoen ontziak ere lanean izan dira larunbatean Orion. Traineruen eta llaguten artean, guztira 26 ontzi abiatu dira Oria ibaian behera. Irabazlea Chapela galiziarra izan da, 14:40 denborarekin. Bigarren Badok 13 trainerua izan da, sei segundora (14:46), eta Fortuna hirugarren 15 minutu justurekin. Eskualdeko beste ontziei dagokionez, Zumaia zazpigarren izan da (15:37) eta Badok 13ren B ontzia 21., 18:40 denborarekin. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!