Huegun eta Iriondo korrikalariak bosgarren eta bederatzigarren postuan sailkatu dira Espainiako Txapelketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 14a, 10:08
Martin Iriondo eta Sunhai Huegun Espainiako Txapelketan. (Orioko Atletismo Taldea)

Pista estaliko 18 urte azpikoen Espainiako Txapelketan parte hartu dute Orioko Atletismo Taldeko bi korrikalari gazteek.

Larunbatean eta Igandean pista estaliko 18 urte azpikoen Espaniako txapelketa jokatu zen Salamancan (Espainia), eta Orioko Atletismo Taldeko Sunhai Huegun eta  Martin Iriondo korrikalariek parte hartu zuten bertan, finalerako txartela lortuz; Huegunek bosgarren postua lortu zuen Espainiako Txapelketan, eta Iriondok bederatzigarrena.

Atletismo taldeko arduradunek azaldu dutenez, larunbatean "ezin hobeto" abiatu zuten txapelketa bi oriotarrek: Sunhai Huegunek, 800 metrotan, lasterketa "bikaina" eginda igandeko finalerako sailkatzea lortu zuen, eta, gainera, orain dela bi aste berak lortutako 18 urte azpikoen Gipuzkoako errekorra hobetu zuen, 1:56;86 denbora eginda. Ondoren, Martin Iriondoren txanda izan zen, eta, 1.500 metrotako lasterketan, "maisutasun osoz" bere txanda irabaztea lortu zuela nabarmendu dute Orioko Atletismo Taldeko kideek, "hasieratik bukaeraraino txanda kontrolatuz".

Igande eguerdian jokatu zituzten finalak. Iriondo izan zen finala jokatzen lehenengoa, eta bederatzigarren postua lortu zuen, 1.500 metroko lasterketan. Ondoren, Huegunek 800 metroko lasterketa jokatu zuen, eta bosgarren sailkatu zen.

Atletismo taldeak bi korrikalari gazteak zoriondu nahi izan ditu, "egindako lan zoragarriagatik".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!