Andoni Mutiloa: "Musikalaren abiapuntua ligatzeko aplikazioak dira"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mar. 14a, 12:48
'Sex Sua' musikaleko irudi bat. (Sex Sua)

Larunbatean, Sex Sua antzezlana eskainiko dute Orioko Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Emanaldiaren inguruan gehiago jakiteko, musikalaren zuzendaria eta aktorea den Andoni Mutiloa elkarrizketatu du Karkara.eus-ek.

Nondik sortu zen Sex Sua musikala sortzeko ideia?

Abiapuntua sare sozialak dira, zehatzago esateko, ligatzeko aplikazioak. Nire esperientzia pertsonalean oinarritu naiz lana sortzerakoan, konturatu naizelako oso desberdinak direla, aurrez aurreko harremanekin alderatuta. Sortzen dira komunikazio kode berriak, eta konturatu gabe onartu egiten ditugu aplikazio horiek erabiltzerakoan. Batzuetan gauza nahiko xelebreak ere gertatzen dira. Iruditu zitzaidan oso gai interesgarria zela, kode horiek onartzen ari garelako, gizarte gisa horren inguruko hausnarketarik egin gabe.

Kode desberdinak sortzen ari direla diozu. Zeintzuk izan daitezke?

Gaiaren inguruko gogoeta egin nahi izan dut musikalean, baina teorizatu gabe. Gaia serioa da, baina guk umoretik landu nahi izan dugu. Ikuskizunean adibide zehatzak aurkezten dira. Adibidez, aplikazioak daude diseinatuta adikzioa sortzeko. Gainera, ghosting-a ere gertatzen da ligatzeko aplikazioetan. Hau da, norbaitekin hitz egiten has zaitezke, eta abisatu gabe pertsona hori desagertu egiten da eta blokeatu egiten zaitu. Hasieran mingarria izan daiteke. Bestalde, aplikazio horietan norbaitek zure perfila ikus dezake eta zuzenean hitz egiten hasten zaizu; eta badira "Kaixo" esan aurretik, zuzenean biluzik agertzen den argazkiak bidaltzen dituztenak ere. Hori ligatzeko aplikazioetan gero eta gehiago gertatzen da, eta aurrez aurrekoetan inoiz ez litzateke pasako. Aplikazio batzuetan joera dago oso-oso azkar joatekoa, eta bukatzen duzu larrutan lehenengo zitan. Gaiaz hausnartu beharrean, konturatzen gara kode horiek pixkanaka barneratzen ari direla erabiltzaileak, eta inertziaz horiek errepikatzen bukatzen dugula, nahiz eta ez gustatu.

Zer moduzko harrera izan du antzezlanak?

Oso ona. Gaia aktualitate handikoa da, eta umoretik landu nahi izan dugu. Askotan ikusleak harrituta geratzen dira sortu dugun istorioarekin, baina era berean, askok esan digute zabaltzen dugun mezuarekin identifikatuta sentitzen direla, batez ere ligatzeko aplikazioak erabiltzen dituztenek. Fokua jartzen dugu aplikazio horietan, baina musikalean zehar, asko hitz egiten da itxura fisikoari ematen zaion garrantziaren inguruan ere, gizartean oso estandarizatuta dauden kanon estetikoei buruz, alegia, sare sozialetan oso nabarmena baita. Besteentzat erakargarria eta desiragarria izateko egiten ditugun gauzei buruz ere hitz egiten dugu emanaldian. Eta zer gertatzen da zehaztuta dauden edertasun ereduak betetzen ez direnean? Batzuk zuzenean eta beste batzuk zeharka, baina publiko osoa sentituko da uneren batean identifikatuta aipatzen ditugun gaiekin.

Gazteak ohituta daude sare sozialen bidez harremantzera, baina helduek agian ez dute horrenbeste ezagutzen mundu hori. Helduen artean harridura handiagoa sortzen al du musikalak?
Ohartu naiz zenbait helduri arrotza iruditzen zaiela ligatzeko aplikazioen gaia. Batzuk erabiltzen ditugu, baina beste asko ez dira sartu erabiltzeko jolas horretan, agian beren behar sentimentalak asetuta dituztelako. Belaunaldien artean alde handia nabaritzen dut zentzu horretan, gazteek, erabili edo ez erabili, ezagutzen dituztelako.

Beraz, belaunaldien artean badaude desberdintasunak.

Hala da, bai. Helduok ezagutu dugu mugikorrik eta internetik gabeko garaia, eta baditugu beste erreferentzia batzuk harremanetarako. Gazteak, berriz, jaio eta hazi dira teknologia berrien garaian; oso ohituta daude sare sozialen eta ligatzeko aplikazioen bitartez harremantzera eta ligatzera, eta kosta egiten zaie ikustea jarrera batzuk ez digutela onik egiten. Beste ezer ezagutu ez dutenez, kode horiek onartu egiten dituzte. Belaunaldien arteko desberdintasun hori zuzenean ez, baina zeharka aipatzen dut musikalean.
  

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!