Emakumeen aldeko borrokan, zaharrak berri

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mar. 16a, 11:14
Dokumentalean parte hartu duten 1. olatuko kideak. Goian Koro Sarasola eta Maribel Bruño, eta behean, Itziar Olariaga eta Pilar Arruti. (Miriam Garcia)

Emakumeen eskubideen aldeko borrokak ibilbide luzea du Orion, eta hori jasotzen duen dokumentala ondu du Pertzetik elkarteak, Orioko Genealogia Feministak izenburupean. Bihar, 18:30ean aurkeztuko dute lana, Etxeluze gaztetxean, eta ondoren solasaldia izango da protagonistekin. Hain zuzen ere, Martxoko Karkara aldizkarian, dokumentalaren inguruko erreportajea argitaratu zen, eta orain irakurgai dago sarean.

Orioko mugimendu feministaren ibilbidea jasotzen duen dokumentala sortzeko ideia 2021ean sortu zen, Xaltxerak talde feministak antolatu zuen hainbat belaunalditako emakumeen arteko bileran. "Jakin genuen Orioko mugimendu feminista guk uste genuena baino zaharragoa zela, 1980ko hamarkadan izan zelako Orion lan handia egin zuen emakume taldea. Hala, saioa antolatu genuen, gure artean elkar ezagutzeko eta mugimendu feministak herrian egin duen ibilbidea jasotzeko", azaldu du Pertzetik elkarteko Eider Goiburuk. Deialdi irekia egin zuten, eta hiru olatutako emakumeak bildu zituzten. "Oso saio polita eta hunkigarria izan zen, deskubritu genuelako mugimendua 1980ko hamarkadatik datorrela eta gauza asko egin zituztela bere garaian. Pena da, orain arte transmisio hori gertatu ez izana". 

Bileran jasotako informazioarekin eta materialarekin, Orioko genealogia feminista islatzen zuen denbora lerroa osatu zuten Xaltxerak talde feministako kideek, horma irudi moduan. Horrekin proiektu sakonagoa lantzeko gogoa bazuten ere, ohartu ziren lan handia zela militantziatik egiteko, eta Pertzetik elkarteak hartu zuen proiektuaren gidaritza, Emakundek emandako dirulaguntza bati esker. Ordubeteko dokumentala osatu dute, eta olatu feminista desberdinetako emakumeei binaka egindako elkarrizketez gain, belaunaldien arteko elkarrizketak ere jaso dituzte, etorkizuneko helburuez hausnartuz.

Azken hamarkadan herriko mugimendu feministan parte hartu duten emakumeentzat 1980ko hamarkadako emakume taldea "ezusteko zoragarria" izan dela azpimarratu dute. Taldea 1970. hamarkada bukaeran sortu zuten Itziar Olariagak, Pilar Arrutik eta Belen Garatek –geroago sartu ziren Maribel Bruño eta Koro Sarasola, besteak beste–, eta pixkanaka "herri parekideagoa" lortzeko bidea abiatu zuten. Izan ere, garai hartako herria gaur egungoarekin alderatuta oso desberdina zela gogoratu dute lehen olatuko kideek. "Behar asko zeuden: herrian ez zegoen pediatrarik, emaginik, familia planifikaziorako aukerarik.... Antisorgailuen gaia, esaterako, tabua zen gizartean. Herrian ezin ziren antisorgailuak lortu eta ginekologo pribatuarengana joan behar izaten zen horretarako, bestela ez baitzuten errezetatzen. Hemengo botiketan ere ez zituzten saltzen, eta Hendaiara joaten ginen bila, iparraldean horiek normaltasunez saltzen zituztelako", azaldu dute. Hain zuzen, KARKARAk dokumentalean parte hartu duten lau lagunekin hitz egin du: Olariaga, Arruti, Bruño eta Sarasolarekin. 

Testuinguruan jartzeko, 1980ko hamarkadako gizarte tradizionalera denboran atzera egin behar dela azaldu du Bruñok. "Genero ikuspegiari dagokionez, alde handia zegoen gizon eta emakumeen artean; emakumeek menpekotasun ekonomiko eta emozional-afektiboki handia zuten gizonarekiko, eta horri erantzun bat emateko gogoz hasi ginen lanean, gizarte orekatu eta parekide baten alde borrokan". Emakumea esparru pribatutik, etxe girotik, atera eta esparru publikora zabaltzea erronka garrantzitsua zen orduko gizartean. "Izan ere, kontuan hartu behar da garai hartan etxeko lanen ardura guztia emakumearena zela; oso emakume gutxik egiten zuten lan etxetik kanpo, eta egiten zuten horien artean gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala handia zen. Gaur egun oso arruntak iruditzen zaizkigun zerbitzuak garai hartan ez zeuden emakume guztien eskura, ezta emakumeei zuzenean eragiten zieten gaien inguruko informazioa ere".  

Olariagak, Arrutik eta Garatek jakin bazekiten inguruan emakume taldeak martxan zirela, eta Orion ere zerbait antolatzeko garaia zela sentitu zuten. "Garai hartan mobilizazioak izan ziren Donostian emakumeen eskubideen alde, eta hondartza aldera paseatzen joan ginen batean, guk ere herrian zerbait egitea pentsatu genuen, emakumeok kolektibo bezala arazo asko bagenituen ere, gai horietaz ez zelako hitz egiten. Pilarrek bazituen lagunak Donostiako mugimendu feministan, eta haien bidez antolatu genituen lehen saioak", gogoratu du Olariagak. Taldea martxan jartzeko deialdi ireki bat egin zuten, Orioko emakumeek zer hutsune antzematen zituzten ezagutzeko. "Harrigarria badirudi ere, emakume mordo batek ariketa fisikoa egin nahi zutela esan zigun, eta hortik abiatuta antolatu genituen emakumeentzat soinketa saioak, Juan Karlos Lazkanorekin. 70 emakumek baino gehiagok eman zuten izena eta, emakumeek erakutsitako interes hartatik, gerora, Indar Gim gimnasioa ireki zuten herrian".

Hitzaldiak

Soinketa saioez gain, emakumeek zituzten kezketatik abiatuta, hitzaldi andana antolatzen hasi zen Orioko Emakume Taldea, eta askotariko gaiak izan zituzten hizpide urte haietan guztietan: abortoa, dibortzioa, alkoholismoa emakumeen artean, emakumearen osasuna, sexologiari lotutako gaiak eta beste hainbat jorratu zituzten lehen olatu feminista hartako kideek, "ezjakintasuna handia" zelako. "Guri on handia egin zigun emakume taldeko kide izateak, eta gai askoren inguruan ikasteak eta hausnartzeak", esan du Arrutik.   

Hitzaldi eta lantegien helburua emakumeen begirada zabaltzea zela aitortu dute. Pixkanaka mugimendua indartzen hasi zen Orion, eta hitzaldietan emakume mordoxka biltzen zela azaldu du Sarasolak. Dena den, "emakume asko ez ziren etortzen ordu horretan senarrarentzat afaria prestatu behar izaten zutelako, edo herrian esango zutenak kezkatzen zituelako". Izan ziren bilerak arratsaldeetan, gizonak etxetik kanpo zeuden garaian, jartzeko eskatu zieten emakumeak ere, eta parte hartzea errazte aldera, eguerdietan egin zituzten zenbait saiotan haurtzaindegi moduko bat ere antolatu zuten.  "Emakumeek bazuten etxetik ateratzeko gogoa, ikastekoa, eta orain urrats txikiak diruditenak, aurrerapauso garrantzitsuak izan ziren bere garaian zenbait emakumerentzat", hausnartu du Arrutik.

Bilerak Kutxak utzitako lokal batean egiten zituzten. "Gaur egun, guztiak bulegoak dira, baina lehen banketxean bazuten erabilera anitzeko lokal bat, eta Kutxak herriko eragileoi uzten zigun hitzaldiak eta antolatzeko. Bertan juntatzen ginen. Aurrean, ordea, Itzala taberna zegoen, eta gizon asko egoten ziren zelatan, saio horietara zein joaten ginen jakiteko. Azken batean, orduko gizarte tradizionalaren balioen aurka zihoazen gaiez hitz egiten genuen, eta horrek zeresana eman zuen herrian. Gu, berriz, orduko gizartea eraldatzeko gogo handiarekin geunden, eta ez gintuen kezkatzen gutaz esaten zutenak", aitortu du Sarasolak. 

Herriko emakume asko hainbat arrazoigatik hitzaldietara joaten ez baziren ere, emakume taldeko kideek sentitzen zuten emakume askoren babesa zutela. Martxoaren 8ko afariak, esaterako, oso jendetsuak izaten zirela gogoratu dute: "Ehun emakume ingururaino ere biltzen ginen. Katxiñan behin baino gehiagotan egin izan genuen, baita Itxas Etxean ere, gaur egun eguneko zentroa dagoen lokal horretan. Urtero egiten genuen, eta emakume asko zain egoten ziren. Gure momentua izaten zen, primeran pasatzen genuen".

Orioko Emakume Taldea pixkanaka urratsak ematen joan zen, eta gauza askotarako bidea ireki zutela uste dute aitzindariek. "Ez da erraza izaten gizartearen joerak aldatzea. Uste dugu norbanako gisa emakume askoren ikuskera aldatuko zela"; kolektibo gisa, ordea, garai hartan "ezer gutxi" aldatu zela uste du Olariagak. "Azken urteetan gure lekukoa hartu duten mugimendu feministako kideekin hitz egin dugunean, ohartu gara guk landu eta konpondu nahi genituen arazo eta oztopo gehienek bizi-bizirik jarraitzen dutela ". Olariagaren iritzi berekoa da Arruti: "Emakumeen eskubideen aldeko borrokaren transmisioan eten bat egon dela iruditzen zait niri. Guk bere garaian landu genituen gaiak oraindik pil-pilean daude gizartean, baina ezer gutxi aldatu dela dirudi. Guretzat gai arrotzak ziren; orain, ordea,  gutxi edo gehiago etxe guztietan eragiten dute zuzenean edo zeharka. Hala ere, arazo horiek hor jarraitzen dute, eta gizarte modernoak eta teknologia berriek sortu dituzten beste problematika batzuk gehitu zaizkie, gainera". Lehen olatuko emakumeen iritziz, gaur egun informazio handia dago, eta asko hausnartzen da, baina "lehen bezalaxe, kosta egiten da gizartean errotutako joerak eta ohiturak aldatzea. Horregatik, emakumeen eskubideen aldeko borroka behar-beharrezkoa da gaur egun, lehen zen bezalaxe".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!