"Osasun arreta ere" euskaraz eskatzeko deia egin dute

Nerea Uranga 2023ko mar. 17a, 09:00
Orioko anbulatorioa.

Herritarrek osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adierazteko kanpaina abiatu du Osakidetzak. Kanpainarekin bat egin du Uemak, eta herritarrak euskararen hautua egitera animatu ditu.

Herritarrak osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adieraztera animatuz, kanpaina hasi zuen Osakidetzak joan den hilaren bukaeran. Behin hori adierazita, herritarrek hautatzen duten hizkuntzan izango dute harremana osasungintzako profesionalekin, eta hautatutako hizkuntzan jasoko dituzte gutunak, oharrak eta antzeko adierazpenak ere. Osakidetzak adierazi duenez, erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta, eta horietatik %19k azaldu du euskaraz jaso nahi duela. 

Uemak bat egin du Osakidetzaren kanpainarekin, eta "osasun arreta ere" euskaraz eskatzeko eskatu diete herritarrei. Uemako kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua "hiru aldiz handiagoa" da –%60,3, zehazki–, azaldu du Uemak. Uemako kide diren Urola Kostako udalerrietan –Orio da bat–, berriz, %75,5ek egin du eskaera, eta horietatik %65,75ek hautatu dute euskaraz jasotzea osasun arreta. Orioko osasun etxeak 6.594 erabiltzaile ditu guztira, eta horietatik %75,9k dute hizkuntza aukeratuta; %64,1ek dute osasun arreta eta komunikazioa euskaraz izatea eskatuta.

Urola Kostan lau herritarretik batek ez du Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik, eta batez ere horiei dei egin die Uemak, osasun arreta euskaraz eska dezaten eskatuz. "Oso garrantzitsua da osasun arretaren hizkuntzaren hautua egitea, eta euskara hautatzea, Osakidetzak horren arabera aukeratzen dituelako herrietako osasun etxeetako medikuen kupoak. Horregatik, Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu gabe dutenak hori egitera eta euskara hautatzera animatu nahi ditugu", esan du Uemak.

Uemak argi adierazi du osasun zerbitzua euskaraz jasotzea "herritarren eskubidea" dela eta, beraz, erakunde publikoen "betebeharra" dela hori bermatzea. "Horretarako, ahalik eta herritar gehienek osasun arretan ere euskara hautatzea beharrezkoa da oraindik, administrazioa euskalduntzeko lanean urratsak egiten segi dezagun, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu arte", adierazi du Uemak.

Nola hautatu osasun arretarako hizkuntza?

Jaurlaritzak azaldu duenez, "asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea" da Osakidetzaren kanpainaren helburua, batez ere Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean.

Osakidetzako erabiltzaileek osasun arretarako hizkuntza hautua egin gabe badute, honako bideak dituzte hori egin ahal izateko: osasun zentroko harrera zerbitzuan, medikuaren kontsultan edota Osasun Karpetaren bidez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!