ELKARRIZKETA

Jon Azkue: "Argi nuen, Bidasoa utziz gero, atzerrira joateko izango zela"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 25a, 11:00
Jon Azkue eskubaloi jokalari oriotarra. (Arnaitz Rubio Aprea)

Jon Azkuek eskubaloi profesionalean aurrera egiten eta goranzko pausoak ematen jarraitu nahi du. Bide horretan, taldez aldatu eta atzerrian ariko da datorren denboraldian, Frantziako Limoges taldean, hain zuzen ere. Karkarak elkarrizketa egin dio eskubaloi jokalariari martxoko zenbakian.

Beste koska bat igoko du eskubaloian Jon Azkue Saizarrek (Orio, 1994) irailetik aurrera. Irun, Bidasoa eta Asobal liga atzean utzi, eta herrialdez aldatuko da Limoges taldearekin Frantziako ligan aritzeko. Bere burua jauzia egiteko prest ikusten duela dio, eta gogotsu dago, gainera, datorrenari ekiteko. Erronka berriei aurre egiten, jokalari gisa hobetzen eta ametsak betetzen jarraitu nahi du; izan ere, egiten duen kirolarekiko ilusio handia du oraindik.

Bigarren itzuliari ekin berri diozue, azkena izango duzu Bidasoan. Desberdina ari al da izaten?

Kanpoko partida guztiek badute berezia den zerbait. Azken batean, azken aldiz jokatuko dut kantxa horietan Bidasoarekin. Artalekun, ordea, asko geratzen zaizkit oraindik denboraldia amaitu arte. Horregatik, uste dut oraindik ez naizela erabat kontziente azkenak ditudala. Iruditzen zait azken jardunaldietan jabetuko naizela benetan, eta sentimendu asko aterako direla orduan. Gainera, neure burua ezagututa, ziur naiz botako dudala malkoren bat edo beste. Dena den, ez diot gehiegi begiratu nahi amaiera horri. Iritsi bitartean ingurukoez eta taldeaz gozatzen jarraitu nahi dut.

Arraroa egingo zaizu datorren denboralditik aurrera kolore horia ez janztea. Oriotarra izanik, gainera, eroso ibiliko zinen urte hauetan guztietan, ezta?

Nire kirol ibilbide ia osoa egin dut horiz jantzita, bai. Herriko taldean hasi nintzenean eta Arraten beste kolore batzuk jantzi nituen, baina Bidasoan igaro ditut urte gehien, eta zortez, oriotarrok gogoko dugun kolorea eramateko aukera izan dut. Hala ere, aipatutako beste bi taldeetako elastikoarekin ere gustura aritu nintzen, eta aldaketa bide beretik joatea espero dut. Azken batean, jokatzea da gustuko duguna; soinean daramagun kolorea gutxienekoa da.

Edonola ere, Bidasoa utziko duzula iragarri zenuenean, erabaki zaila izan dela aitortu zenuen. Zergatik?

Denbora asko daramadalako, batez ere. Oso gazte iritsi nintzen, 17 urte bete berri nituela. Hamabigarren denboraldia dut taldean, eta kostatu egiten da hainbeste maite zaituen leku batetik joatea. Taldeko kapitaina naiz, eta jokalari garrantzitsua sentitzen naiz, gainera. 

Aldi berean, ordea, iruditzen zait une egokia ere badela egin didaten eskaintza onartu eta erronka berri bati ekiteko. Horrez gain, nire konfort-eremutik ere aterako naiz, eta badut nola moldatuko naizen ikusteko gogoa ere.

Zer erantzun jaso duzu hartutako erabakia jakinarazi ondoren?

Fase desberdinak izan ditu prozesuak. Erabakia hartu aurretik, asko hitz egin nuen nire gertukoekin, nituen zalantza guztiak argitu nahian. Behin erabakia hartuta, ez nuen berehala prentsaren aurrean jakinarazi. Horregatik, agerraldia egin genuenerako apur bat ahaztuta nuen guztia, eta ordua iritsi zenean, berriro jarri nintzen urduri. Ez nekien nola hartuko zuen jendeak, baina nik sentitzen nuena adierazi nuen, eta uste dut ulertu dutela. Ingurutik heldu zaizkidan mezuak eta sareetan irakurri ditudan iruzkinak ere bide horretatik doaz, behintzat. Ez didate hitz txarrik esan, guztiz kontrakoa, animoak eman dizkidate, eta zorte ona opa.

Frantziako Limoges taldean jokatuko duzu datorren denboralditik aurrera.

Bai. Beti izan dut argi Irun utziz gero oso arraroa izango zela Asobal ligako beste talde batean aritzea; izan ere, Bartzelona salbu, ez dago Bidasoaren maila gaindituko duen talderik ligan. Horregatik, koska bat igotzeko, zentzuzkoena atzerrira joatea dela iruditu zait. Frantziara noa, eta, ondorioz, beste esperientzia batzuk biziko ditut. Beste kultura eta hizkuntza bat ezagutuko ditut datorren denboralditik aurrera.

Atzerrira joateko une aproposa dela diozu. Nahiko heldua zarenean egingo duzu urratsa, 29 urte beteko baitituzu aurten. Segurtasun handiagoa ere ematen al du horrek?

Bai. Lehen ere izan ditut kanpora irteteko aukerak, baina gazteagoa nintzen, eta beldur eta zalantza gehiago nituen. Orain, ordea, momentu egokia dela esango nuke, bai pertsonalki, bai profesionalki. Joko aldetik ere helduagoa sentitzen naiz, eta prest ikusten dut neure burua. Gainera, iruditzen zait pausoa orain ematen ez badut, zailagoa izango dela etorkizunean ematea. 

Ez da taldez aldatuko duzun lehen aldia, baina bai esanguratsuena, ezta?

Zalantzarik gabe. Aurreko talde aldaketak ere nik erabakita egin ditudan arren, behartutakoak izan dira, nolabait. Orioko taldean hasi nintzen, baina infantil maila amaituta ez zegoen bertan jarraitzeko aukerarik, desegin egin baitzen taldea. Arratetik deitu zidaten herriko beste bi jokalarirekin batera, eta bertara joan nintzen. Eibarren, Asobalen debutatzeko zortea izan nuen, baina talde hura ere desagertu egin zen, eta egoera hark bultzatuta iritsi nintzen Bidasoara, 2011n, taldeak denboraldi aurrea ia amaituta zuela. Horregatik, erabaki hau hartzeko moduak ez du zerikusirik izan aurrekoekin; gehiago hausnartu behar izan dut. Taldean jarraitzeko eskaintza ere banuen, gainera.  

Orain arteko hiru taldeetan etxetik gertu aritu zara beti. Horretan ere bada aldaketa. Frantzian zer aurkitzea espero duzu?

Eskubaloiari lotuta, kirola ulertu eta jokatzeko beste modu bat; zer maila eman dezakedan ikusteko oso gogotsu nago. Kantxatik kanpo, berriz, nire egunerokoa ere aldatuko da; izan ere, orain arte, beti egon naiz etxetik gertu, eta hori bukatu egingo da. Egia esan, horrek guztiak asko motibatzen nau.

Errealitate berrira egokitzeko prestatzen ere hasiko zinen dagoeneko.

Beldurrak eta zalantzak beti daude, baina azken uneko erabakia izan ez denez, horrek nire burua denboraz prestatzen hasteko aukera eman dit, bai. Frantsesa ikasteko eskolak hartzen ari naiz, adibidez. Iristen naizenerako gutxieneko jakintza izan nahi dut.

Norbaitek lagundu behar al zaitu erronka berri horretan?

Bai, neska-laguna nirekin dator, eta jakin badakit berarentzat handiagoa izango dela aldaketa, zeren, ni eskubaloian jokatzera noa, hemen egiten dudan gauza bera egitera. Azken finean, nire egunerokoa antzekoa izango da beste herrialde batean bada ere. Hura, ordea, lana, familia eta lagunak hemen utzita joango da. Bere babesa oso garrantzitsua izan da niretzat eta urratsa egitera animatu nau. Dena den, azken hitza nirea izan da, noski.

Badu pisurik zugan horrek?

Badu, bai. Beste pertsona batek nik bultzatuta egingo duen aldaketaren arduradun sentitzen naiz. Gainera, eskubaloian jokatzeari ere utziko dio nirekin etortzeko; izan ere, neska-laguna ere jokalaria da. Dena den, esan bezala, berak ere animatu nau kanpora elkarrekin joatera, eta horrek lasaitasuna ere ematen dit.

Gainerako gertuko senitartekoak, ordea, Orion geratuko dira. Nola uste duzu eramango duzula distantzia hori?

Hasiera batean, ondo esango nuke, baina aldaketa eman arte inoiz ezin da jakin benetan zer gertatuko den. Orain Donostian bizi naiz, eta lehen baino gutxiago ikusten ditut. Halere, egia da gertu ditudala, hamar minutu eskasera soilik, eta lasaitasuna ematen du horrek. Datorren denboralditik aurrera desberdina izango da, edozer gauza behar dugunean urrutiago izango ditugulako, baina, diodan moduan, pentsatzen dut ondo moldatuko garela.

Eskubaloi arloari helduta, zer dute atzerriko ligek Asobalek ez duena? Izan ere, asko dira zure antzera kanpora joatea erabaki duten euskal jokalariak.

Maila altuagoko ligak dira; batez ere, Alemaniakoa eta Frantziakoa. Horregatik, Bartzelonan ez dauden gainerako munduko jokalari onenek bertan jokatzen dute. Asobal liga indartsuenetakoa izan zen garai batean, baina azken urteetan asko jaitsi du maila. Orain, ordea, lehen baino askoz parekatuago daude taldeak, eta horrek erakargarri ere egin dezake, partida guztiak baitira oso lehiakorrak eta ezusteko asko egoten dira. Bartzelonak jokatzen dituenak salbuetsita, noski.

Dena den, eskubaloia ulertzeko duten modua da atzerriko ligetatik gehien gustatzen zaidana. Jardunaldiak ez dituzte partida soilak bezala hartzen; joko eremutik kanpora ateratzen dituzten sekulako ikuskizunak sortzen dituzte. Hemen, partida 19:30ean hasten bada, zaleak 19:25erako bertaratuko dira, eta amaitutakoan, 21:00ak aldera, alde egingo dute, besterik gabe. Atzerriko ligetan bestelakoa da hori, pabilioiko tabernetan elkartzen dira zaleak eta kontzertuak antolatzeko ohitura ere badute: biltzeko lekua izaten da eskubaloi kantxa.

Nolanahi ere, eskubaloi jokalari onenak selekzioen arteko nazioarteko txapelketetan bildu ohi dira. Zuk oraindik ez duzu halakorik jokatzeko aukerarik izan, baina Espainiako selekzioko hautatzaileak sartu izan zaitu aurretiazko zerrendetan. Azkenengoan, ordea, kanpoan geratu zinen. Kolpea izan al zen?

Egia da atzerapausoa izan daitekeela aurreko txapelketetan lortu nuelako, nolabait, muturra sartzen hastea. Hor egoten jarraitzea gustatuko litzaidake eta noizbait txapelketa handi bat jokatzeko aukera izatea, baina, aldi berean, gauzak beste era batera ikusten ere ikasi dut. 35 jokalariko zerrendan ez egoteagatik ez da mundua amaituko niretzat.

Txapelketekiko aldea jokalarien maila fisikoan antzematen da bereziki. Azken urteetan lesio ugari izan dituen jokalaria zara zu; kezkarik eragiten al dizu horrek?

Zalantzak baditut, batez ere, izan ditudan lesio guztiak traumatikoak izan direlako, hartutako kolpeek eragindakoak. Ez dut haustura muskularrik izan keinuren bat egiteagatik. Dena den, min hartu dudan bakoitzeko ikasi ere egin dut, eta lesioak ditudanean hobeto eramaten ditut. Jokoaren parte direla ikasi dut, eta ezin nautela frenatu, bestela, ez nuke eskubaloian jokatuko. Horrez gain, uste dut lesioetan zenbat eta gehiago pentsatu, erakarri egiten ditugula, beraz, hobe alde batera uztea.

Erdiko postuan jokatzen duzu zuk; jokoa banatu eta antolatzea da erasoan duzun egitekoetako bat, baina taldeko golegile nagusietakoa ere bazara, aldi berean.

Bai, eta are nabarmenagoa da hori beste ligetan; hiru hegalekin jokatzen ari direla dirudi askotan. Asobaleko zentralek, ordea, gehiago betetzen dute tradizioz izan duten jokoa antolatzeko funtzio hori. Egia da ni ere gol asko sartzen ari naizela aurten, baina ez da bilatutako zerbait izan, taldeari momentuan behar duena ematen saiatzen naiz.

Defentsa lanetan, ordea, ez zara askotan aritzen. Landu beharreko arlo bat al da?

Lan hori ez dut abandonatuta inondik ere. Ni beti nago prest entrenatzaileak eskatutakoa egiteko eta hobetzen jarraitzeko. Entrenamenduetan beti jarduten dut lanean defentsan, baina partidetan entrenatzaileak erabakitzen du ni non kokatu.

Baduzu oraindik bete ez duzun ametsik?

Noski. Asko, gainera. Ametsik gabe ez ginateke ezer izango, eta ez genuke jokatzen jarraitzeko ilusiorik izango. Aurrez aipatutako selekzioen arteko nazioarteko txapelketa handiren bat jokatu nahiko nuke, esaterako, eta nire aldetik, behintzat, dauzkadan indar guztiak jarriko ditut hori bete ahal izateko.

Eta arantzarik geratu al zaizu Bidasoan?

Asko diot Bidasoari eskertzeko, eta taldeko kapitaina izanik zoragarria litzateke tituluren bat altxatzea. Denboraldia ez da amaitu oraindik, baina Bartzelona aurrean izanda, badakit ezinezkoa izango dela.

Bidasoara iritsi zinenean pentsaezina zen tituluren bat irabaztea, garai txarrak pasatu zituelako klubak. Orain, berriz, ondo doakio.

Horren harira, badut oroitzapen berezi bat. Arraterekin Asobalen egin nuen lehen golaren berri ematen duen egunkaria etxean dut gordeta, eta nire argazkiaren alboan zetorren albisteak zioen Bidasoak bere historiako partida garrantzitsuena jokatu behar zuela. Artean bigarren mailan zegoen kluba, eta partida hura galduz gero, jaitsi egingo zen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!