Juan Priede gogoratu dute hilerrian haren erailketaren 21. urteurrenean

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 19a, 16:07

Martxoaren 21ean beteko dira 21 urte ETAk tiroz hil zuela Orioko 69 urteko PSE-EEko zinegotzia herriko taberna batean. Urtero bezala, alderdikide ugari elkartu dira hilerrian lore eskaintza egiteko, baita Priederen hiru seme-alabak ere.

Asteartean, hilak 21, beteko dira 21 urte ETAk Juan Priede oriotarra tiroz hil zuenetik herriko taberna batean. PSE-EEko zinegotzia zen udalean eta 69 urte zituen.

Haren hilketa salatzeko eta hura omentzeko, urtero bezala, lore eskaintza egin diote Orioko hilerrian haren alderdikideek eta senitartekoek. Bertan izan dira Priederen hiru seme-alabak, tartean Ana Priede Orioko Udaleko PSE-EEko zinegotzia.

Aurpegi ezagunen artean, berriz, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia, Gorka Landaburu kazetari zarauztarra –ETAren atentatua jasandakoa– eta Zarauzko Udaleko PSE-EEko zinegotzi Gloria Vazquez egon dira omenaldian.

Lore eskaintza egin ondoren, hilerrian bertan egin ditu adierazpen batzuk Asensiok han bildutakoen aurrean. Priederen eta haren garaiko alderdikideen "ausardia" goraipatu ditu, ETAren biolentziaren aurrean, "desberdin pentsatu arren ez zirelako isildu herri honek plurala izaten jarrai zezan eta Euskadin demokraziak jarrai zezan".

Asensiok beste alderdi batzuen jarrera gaitzetsi du, siglarik esan gabe: "Batzuek seinalatu, mehatxatu eta hil egiten zuten; beste batzuek bestaldera begiratzen zuten. Baina Juanek bazekien gizarte osoaren ahotsa entzun behar zela, eta kasu honetan, Orioko guztien ahotsa. Isilduen ahotsa zen bera, baztertuena, nazionalista sentitzen ez zirenena, sozialistena. Horregatik hil zuten Juan; sozialista izateagatik". Priederekin "ordaindu ezin den zorra" dagoela nabarmendu du Asensiok.

Bizikidetzaren alde egin du Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak, baina argia izan da: "Bizikidetza bai, baina, batez ere, egia, memoria eta berriz ez dadila gertatu horrelakorik, oraindik orain, batzuek esan nahi digutelako nolakoak izan behar dugun. Eta guk aldarrikatu behar dugu norberak nahi duen bezalakoa izateko eskubidea duela". 

Amaitzeko, esan du "urtero" joango direla Orioko hilerrira alderdikidea oroitzera, "hori delako sozialistok egiten duguna: memoria hori defendatu, eta baita herri honen aniztasuna ere".

Internazionala abestuz eta txaloekin amaitu dute ekitaldia, urtero bezala.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!