Bigarren postuan sailkatu dira Guenetxea anaiak Euskadiko Bloke Txapelketan

Karkara 2023ko mar. 20a, 10:18

Manex Guenetxeak Euskadiko selekzioaren deia jaso du, eta martxoaren 25ean eta 26an Espainiako bloke txapelketa jokatuko du Oviedon.

Asteburu honetan jokatu da Bilboko Piugaz rokodromoan Euskadiko Bloke Txapelketa. Orioko Guenetxea anaiek parte hartu dute lehian, eta emaitza bikainak lortu dituzte. Lur Guenetxea, 9-11 urteko kategorian, bigarren izan da; eta postu bera eskuratu du Manex Guenetxeak, anaia nagusia ere. Azken horrek, bere kategoriako finalean, hiru bloke osatu behar zituen; oriotarrak bi bloke igotzea lortu zuen, eta baita bere aurkariak ere, baina azken horrek saiakera gutxiago behar izan zituenez, bigarren postuan sailkatu zen Guenetxea.

Eneka Guenetxeak, eskalatzaile gazteen aitak, Mamut kategorian, beteranoen kategorian, jokatu zuen eta maila bikaina eman zuen, lehenengo postuan sailkatuz. Dena dela, kategoria horretan ez zen ez finalik, ezta podiumik izan.

Martxoaren 25 eta 26an, Espainiako bloke txapelketa jokatuko da Oviedon [Asturias, Espainia], eta Manex Guenetxeak Euskadiko selekzioaren deia jaso du bertan lehiatzeko. "Oso gustura" dago mutila lortutako emaitzekin.

Argazkiak: Nere Manterola

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!