Villabonako Etxera Eguneko herri bazkariko txartelak eros daitezke

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 21a, 12:44
Etxera Eguna antolatuko dute larunbatean, Villabonan. (Etxera Eguna)

Martxoaren 25ean, datorren igandean, izango da Etxera Eguna Villabonan. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta herri bazkariko sarrerak salgai daude Kolon Txikin.

Martxoaren 25ean, datorren larunbatean, Etxera Eguna egingo dute Villabonan. Pasa den urtean bezala, egitasmora oinez joateko gonbita luzatu diete antolatzaileek oriotarrek. "Hala ere, nahi duena kotxez edo garraio publikoan joan daiteke, oinez joatearena ez dadila aitzakia izan", azaldu dute.

Etxera Egunerako egun osoko egitaraua antolatu dute, Orioko Gregorio Eskudero eta Andoaingo Ainhoa presoak "oraindik ere etxetik urrun dituztela aldarrikatzeko; gutxi batuk diren arren, euskal preso batzuk Euskal Herritik kanpo baitaude. Ainhoa, Parisen [Frantzia], etxetik 600 kilometrotara, eta Gregorio Dueñasen [Palentzia, Espainia], etxetik 300 kilometrotara", zehaztu dute. Etxera Eguneko herri bazkarirako txartelak salgai daude Kolon Txikin, eta bihar izango da horiek erosteko azken eguna.

Egitasmoa pasa den urteko maiatzean Orion egin zen, Sare Eguna izenburupean, eta orduan Villabonatik, Andoaindik eta Usurbildik mendi martxan edota kotxez gerturatu ziren parte-hartzaileak. Plazan harrera egin ostean, Ikastola aurreko plazan herri bazkaria egin zuten, eta, ondoren, elektrotxarangaren doinuekin alaitu zuten herria. Egun aparta igaro zutela gogoratu dute Orioko antolatzaileek, eta asteburuan Villabonara animatu dituzte herritarrak.


 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!