ERREPORTAJEA

Bizitzan behin sortzen den aukera

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mar. 22a, 12:52
Salatxo abesbatzako kideak, 2021ean aterako taldeko argazki batean. (Iñigo Gaiton)

Orioko Salatxo abesbatzak Nagusilan elkartearen kontzertu solidarioan parte hartuko du martxoaren 30ean. Erronka garrantzitsua dute aurretik; Beethovenen ‘9. sinfonia’, hain zuzen. 

Ilusioz gainezka daude azken hilabeteetan Salatxo abesbatzako kideak, "bizitzan behin" izaten den aukera suertatu zaiela sentitzen dutelako. Hilaren 30ean, 20:00etan hasita, Donostiako Kursaaleko areto nagusian, Nagusilan elkartearen kontzertu solidarioan parte hartuko dute Kantakidetza, Kantuz eta Aiztondo abesbatzekin eta Musikeneko ikasleen orkestrarekin batera. Aretoa "goi mailakoa" izateaz gain, "are obra garrantzitsuagoa" eskainiko dute jendaurrean, Eros Quesadaren zuzendaritzapean: Beethovenen 9. sinfonia

Salatxoko kideek aitortu dute "konplexutasun eta indar" handiko obra dela; "oso ezaguna" da, eta horrek erron2kari "presioa eransten" diola uste dute, gainera. Horregatik, buru-belarri ari dira entseatzen, taldean zein bakarka: «Oso motibatuta gaude. Batzuek lanera doazenean jartzen dute kotxean, eta indar bete-betean abestuz joaten dira; beste batzuk, berriz, etxeko lanak egiten ari diren bitartean, entzungailuak belarrian dituztela, jo eta ke alemanez kantari aritzen dira". Izan ere, egun horretan dena primeran ateratzea nahi dute. "Gure zuzendariari, Igor Arroyori, zor diogu. Izan ere, proiektu honetan abesbatzen zuzendaria izatea eskatu ziotenean, maila handiko beste koruekin lan egitea aukera zezakeen. Berak zuzentzen dituen herri mailako abesbatzek parte hartzea nahi zuen, eta opari hau egin digu. Eszenatokian gure bertsiorik onena emanez eskertu nahi diogu", azaldu dute.

Ez da nolanahiko erronka, 180 ahotsek batera, bloke gisa, abestu behar baitute, orkestrarekin batera. "Guk azken hogei minutuan kantatzen dugu. Ordura arte, eserita egongo gara agertokian; une jakin batean altxa egingo gara, musikariak jotzen ari diren bitartean, eta zuzendariak sarrera ematen digunean,  kantatzen hasi behar dugu. Ezin dugu hutsegiterik egin. Horretarako ari gara trebatzen, ez baita batere erraza 180 lagun une jakin batean, batera-batera, elkarrekin kantuan hastea", adierazi dute. Halere, "lana, gogoa, inplikazioa eta konpromisoa" tarteko, "erronka handiena"» ere gainditzeko gai direla sentitzen dute. 

Esku artean duten proiektuaz ari direnean, ikaragarrizko ilusioa nabari zaie Salatxoko kideei, baina hori ez da berria, hiru hamarkada martxan daramatzan taldea herriko eragile aktiboa baita. "Herrian antolatzen diren egitasmoetan parte hartzeko prest gaude beti, estilo desberdinetako musika eskainiz. Kalekumeak gara, eta asko gustatzen zaigu kalean abestea eta beste eragileekin batera proiektuetan parte hartzea". Horregatik, kantatzea atsegin duten oriotarrak taldera batzera animatu nahi dituzte. "Ez da kantari fina izan behar gurekin aritzeko; musikazalea izatea eta gogoa dira baldintza bakarrak".

Nagusilan elkartearen kontzertuan izan nahi dutenek sarrerak salgai dituzte kursaal.eus atarian. Bertan izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!