Aratz Oliden pilotari oriotarrak Espainiako txapela lortu du

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 23a, 09:52
Aratz Oliden taldekideekin Espainiako kluben arteko txapelketako finala irabazita. (Aratz Oliden)

Aratz Olidenek ohorezko mailako Espainiako kluben arteko txapelketa irabazi du Soriako Urbion taldearekin.

 Ohorezko mailako Espainiako kluben arteko txapelketa jokatu dute afizionatu mailako Espainiako hamar klub garrantzitsuenek, eta Aratz Olidenek txapela janztea lortu du Soriako Urbion taldearekin . Bere kirol ibilbidean "urrats garrantzitsua" izan dela aitortu du oriotarrak 

Kluben arteko txapelketak taldeka lortutako emaitzak kontutan hartzen dituzte aurrera egiteko, eta kanporaketan zehar emaitza onak lortuta finalerako sailkatzea lortu zuen oriotarraren taldeak. "Hamar talde ginen. Horietatik bi sailkatzen ziren finalerako eta beste bi mailaz jaisten ziren. Txapelketaren lehenengo fasean, talde guztiok elkarren aurka jokatu genituen partidak, nork bere modalitatean. Azken jardunaldian hiru talde geunden finalera sailkatzeko lehia horretan: Hoberena, Irurtzun eta gu". Azken jardunaldian, ordea, Olidenen Urbionek Irurtzunen aurka jokatu zuen norgehiagoka, eta Soriako taldeak lortu zuen Iruñeako Hoberenaren aurka finalerako sailkatzea. "Finalean ere, bi modalitatetako emaitzak eta tanto kopurua kontutan hartzen dira txapelduna zein zen erabakitzeko", zehaztu du Olidenek. "Gure taldeak bakarka modalitatean nagusitasunez irabazi zuen, eta guk sei tanto egin behar genituen txapelketa irabazteko. Hala, oso indartsu atera ginen kantxara. Bagenekien aurkari gogorra genituela, txapelketan zehar partida guztiak irabazi dituztelako, baina segituan lortu genuen 6-2 emaitza. Ordutik aurrera, partida jokatzen ari ginen bitartean, bagenekien txapeldunak ginela, eta gure helburua minik ez hartzea bihurtu zen. Ez genuen finala irabaztea lortu, baina txapelketan zehar egindako lanari eta konstantziari esker txapela janztea lortu genuen", azaldu du Olidenek. 

Ohorezko mailako Espainiako kluben arteko txapelketak Espainiako pilota talde garrantzitsuenak bildu ditu: Nafarroakoak, Errioxakoak eta Soriako eta Burgosko talde bana. "Taldeek fitxatzen dituzte profesional mailan jardundako pilotariak eta afizionatu mailako pilotaririk onenak, eta oso gustura nago maila horretan aritzeko gai naizela erakutsi dudalako. Hasieratik gozatzera atera naiz kantxara, presiorik gabe, eta maila ona eman dudala iruditzen zait", aitortu du Olidenek. Txapelketa irabaztea kirol ibilbidean "urrats garrantzitsua" izan dela uste du, baina hemendik aurrera "erregularra" izan nahi du, "etorriko diren beste txapelketetan nire maila eman nahiko nuke".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!