ELKARRIZKETA

"Zarautzen, Orion eta Zumaian lortu ditut txapelak; Aian jantzi nahi nuke"

Andrea Zipitria 2023ko mar. 23a, 12:40
Ibai Makazaga Orioko Talaimendi Trail lasterketan. (Karkara)

Mahasti Krosa irabazi berri du Ibai Makazaga oriotarrak, eta ohikoa ez den irudi bat utzi zuen proban Imanol Larrañaga azkoitiarrarekin; eskua emanda sartu ziren helmugan. 

Lasterketaren buruan doazen bi korrikalarik proba eskua emanda bukatzea ez da oso ohikoa izaten, baina pasa den martxoaren 12an Zarautzen jokatu zen Mahasti Kroseko helmugara gerturatu ziren herritar orok argazki hura ikusi zuten. Ibai Makazaga (Orio, 1983) eta Imanol Larrañaga azkoitiarra ziren protagonistak. Sari banaketara arte itxaron behar izan zuten irabazlea bietako nor zen jakiteko. Bada, txipak Makazagari eman zion garaipena, eta hura izan zen txapela jantzi zuena. Hori bai, irabazleak bere pisua txakolin botiletan zuen saritzat, eta Larrañagarekin partekatu zituen 68 botilak.

Zer dela-eta sartu zineten helmugan elkarrekin?

Lasterketa askotan batera parte hartu izan dugu Larrañagak eta biok. Mahasti Kroseko helmugara heltzen ari ginela elkarri begiratu genion, eta orduan erabaki genuen zinta elkarrekin pasatzea. Laguntasunaren irudia izan zen, dudarik gabe.

Urte oparoa ari da izaten zuretzat 2023koa: Mahasti Kroseko garailea izan zara, eta txapela jantzi duzu Berastegiko Negu Trail lasterketan ere.

Nire azken urteak nahiko antzekoak ari dira izaten, zentzu horretan. Azken boladan bi edo hiru txapel lortu izan ditut urte batean, eta aurtengoa ere bide beretik doa. Dena den, esan beharra dago beti dagoela emaitzak hobetzeko aukera, osasunak laguntzen badu. Nik jada 40  urte egingo ditut maiatzean, eta ez dut uste hobera joango naizenik. Gainera, nahiko berandu hasi nintzen korrika egiten, eta oraingo gazteak askoz ere hobeto daude prestatuta. 

Lehen postuan bukatzeko esperantzarik ba al zenuen bi lasterketa horietan?

Esperantza banuen, bai, baina inoiz ezin duzu jakin zer gertatuko den. Negu Trail lasterketan ondo ibiliko nintzela pentsatzen nuen; nahiko bolada ona izaten ari nintzen, eta hala izan zen. Mahasti Krosaren kasuan, Imanolek parte hartuko zuela jakin nuenean, banekien borrokan ibiliko nintzela.

Zein da zure aurtengo helburua?

Aurtengo helburua Euskal Herriko Mendi Lasterketa Kopan parte hartzea da.

Lehen azaldu duzu berandu hasi zinela korrika, baina noiz hasi zinen zehazki?

Betidanik izan naiz kirolaria, baina gaztetan taldean egiten nuen kirola. Familia izan nuenetik, ordea, eguneroko bizitza eta taldeko kirola uztartzea ez da hain erraza. Hala, 34 urte nituela lagun batek mendira eraman ninduen korrika egitera, eta asko gustatu zitzaidan. Handik aurrera, gero eta gehiago hasi nintzen korrika egiten, eta azkenean, Orioko Atletismo Taldean izena eman nuen. Gutxinaka, lasterketetan parte hartzen hasi nintzen, eta podiuma gero eta gertuago ikusten nuen. Horrek bultzada eman zidan, eta gaur egun han eta hemen nabil korrika.

Urtean zehar lasterketa dezentetan parte hartzen duzu. Horietarako prest egoteko, zenbat entrenamendu egin behar izaten dituzu astean?

Astean bost egunetan entrenatzen dut: astelehenetan eta ostiraletan izan ezik, beste guztietan. Egun batean serieak egiten ditut, beste batean mendira joaten naiz, eta errodajeak ere txertatzen ditut entrenamenduetan. Pixka bat denetarik egin behar izaten da lasterketetara ondo prestatuta iristeko eta maila ona eman ahal izateko.

Eta ezberdin kudeatzen al dituzu lasterketa baten atariko egunak?

Ez, azkenean, ohitu egin naiz lehiatzera. Pentsa, urte batean 30 lasterketa inguru egiten ditut. Asko dira, eta lasai egoten naiz probaren egunean.

Horien guztien artean izango duzu gustuko hitzorduren bat.

Bai, Euskadiko Kros Txapelketa, dudarik gabe. 

Eta zein lasterketatan gustatuko litzaizuke txapela janztea?

Tira, Aiako Mendi Lasterketa ez dut sekula irabazi. Gaur-gaurkoz, Orion, Zarautzen eta Zumaian lortu ditut txapelak, eta orain Aian jantzi nahi nuke, eskualdeko mapa osatzeko.

Anbiziotsua al zara?

Bai, ez zerbait berezia lortu nahi dudalako, baina nik uste, bizitzako aspektu guztietan garela denok anbiziotsuak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!