"Gizarteari begira gaude, eta aldaketen eragile izan nahi dugu"

Jabi Gonzalez Toston - Gorka Eizagirre 2023ko mar. 25a, 10:30

Zuzendaria aldatu du Elhuyar aldizkariak. Zazpi urtez karguaren jabe izan da Orioko bizilaguna den Aitziber Agirre (Gasteiz, 1974), eta oraintsu hartu dio lekukoa Ana Galarragak (Zarautz, 1970). Kargu berria Egoitz Etxebesterekin partekatuko du zarauztarrak.

Zuzendari aldaketaren berri hilabete honetako zenbakian eman duzuen arren, pentsatzekoa da ez dela bat-bateko erabakia izan. Nolakoa izan da botere eskualdaketa?

Ana Galarraga: Botere aldaketa baino, ardura aldaketa izan dela esango nuke, eta, prozesu landua du atzean, bai. Oso ohituta gaude elkarlanean aritzera, taldean egiten dugu lan, eta adostu egiten dugu guztia. Beraz, aldizkariaren bilakaerari jarraitzen dion nolabaiteko berrantolaketa izan da beste ardura batzuk hartzeko. Ez du iraultza handirik ekarriko.

Ondorioz, ez dago estrategia aldaketarik?

A. G. : Lehendik dugun ikuspegian sakontzen jarraitzeko asmoa dugu, gizartean ematen ari diren pausoei arretarik kendu gabe. Izan ere, aldaketen eragile izan nahi dugu guk ere. Arlo horretatik ez dago estrategia aldaketarik, baina, aldi berean, egia da gure irizpideak eta balioak sendoago adierazi nahi ditugula.

Zuk, Aitziber, nola bizi izan duzu zuzendaritza aldaketa?

Aitziber Agirre: Pena apur batekin, egia esan. Baina ez zuzendaritza uzteagatik, baizik eta aldizkaria, erredakzioko lana, uzteagatik. Izan ere, zientziaz idaztea, dibulgazioa, da nik gustuko dudana. Horregatik, nolabaiteko desintoxikazio prozesuan nago orain; izan ere, aurrerantzean kudeaketa arloan arituko naiz gehiago.

Zein dira Elhuyarren barruan aurrerantzean izango dituzun kudeaketa ardura horiek?

A. A. : Elhuyarren gizarteratze proiektu guztien ildo editoriala berrikustea eta bateratzea da nire lana orain. Adibidez, uste dugu momentua iritsi dela urte hauetan guztietan landu dugun genero ikuspegia berriro mahai gainera ekartzeko, ikasitako guztia aztertzeko eta bide horretan zer urrats gehiago egin nahi ditugun hausnartzeko. 

Horrez gain, klima larrialdiari eta hari lotutako krisi sozioekologikoari aurre egiteko zientzia komunikazioak izango duen garrantzia aintzat hartuta, guk hori nola landuko dugun hausnartzen ari gara bete-betean. Izan ere, uste dugu zientzia komunikazio horretan gure aldizkariak eredu izan behar duela informazio orokorreko hedabideentzat.

Aipatu duzun genero ikuspegiari lotuta, azken urteotan lan handia egin da emakume zientzialariei ikusgarritasuna emateko. Garrantzitsua iruditzen al zitzaizuen, horregatik, emakume batek jarraitzea aldizkariaren buruan?

A. A. : Bai. Gainera, uste dut Ana erreferente argia dela zentzu horretan, eta oso garrantzitsua da bera izatea zuzendaria eta aurpegia ematen duena. Azken batean, oso irizpide garbiak landu ditu urte hauetan guztietan, eta baita Egoitzek ere. Uste dut ikuspegi bateratua dutela eta osagarriak direla, aldi berean.

A. G. : Uste dugu garrantzitsua dela emakumeak egotea zuzendaritza postuetan, eredugarri izateko gizartearentzat, eta guk gizarteari begira egiten dugu lan. Gainera, esango nuke Elhuyarren jada ez dugula genero ikuspegiaz hitz egiten, baizik eta feminismoaz. Bidea egiten ari gara, eta kontraesankorra litzateke bat-batean ardura osoa gizon baten eskuetan geratzea, nahiz eta Egoitz guztiz bat datorren ditugun irizpideekin.



Zuzendaritza aldaketaren berritasun nagusia buruzagitza partekatu hori da, hain justu. Ardurak ere partekatuak izango al dira?

A. G. : Egoitzek eta biok argi genuen, zuzendari izatekotan, biok batera bete behar genuela kargua. Ez genuen nahi inondik inora bata edo bestea bakarrik izatea zuzendaria. Gainera, benetan sinesten dugu talde lanean, eta biok zuzendari izatea horren erakusle ere bada. Bakoitzak bere indarguneak ditu, baina inor ez dago bestearen gainetik. Egia da ezaugarri batzuei besteei baino balio handiagoa eman ohi zaiela, baina guk ez. Berdin baloratzen ditugu bataren eta bestearen indarguneak eta ezaugarriak, eta horregatik erabaki dugu zuzendaritza elkarrekin hartzea. Lanak banatzeko orduan, bestalde, praktikan banatu egin ditugu, baina erabaki asko elkarrekin hartzera kondenatuta gaude. Gainera, uste dugu eraginkorrena biok ezagutza osoa izatea dela.

Zuzendaritza ez ezik, argitaratutako edukien sinadurak parekideak izatea ere zaintzen al du Elhuyarrek?

A. G. : Bai. Emakume ikertzaileak ahalduntzen laguntzeko bidea egin dugu, askotan, erreparoa ematen dielako azaltzeak, eta ahaleginak eman ditu bere fruituak. Sinaduretan parekidetasun hori izatera iritsi gara, eta Aitziberrek eman dizkigun webgunearen azken datuek erakutsi dute irakurleak ere berdindu direla genero aldetik.

A. A. : Harpidedun berri gehienak emakumeak diren lehen urtea da. Orain arte beti zeuden atzetik emakumeak, eta irauli egin da joera. Uste dugu egindako lanaren seinale dela hori. Horregatik, poz handia ere ematen dit zuzendaritza horrela uzteak.

Harpidedun berriekin lotuta, azken boladan hizpide nagusi izan diren izurriak eta klima larrialdiak lagundu al dute herritarrak zientziara erakartzen?

A. A. : Zalantzarik gabe. Egia da batzuetan kontrako efektua ere izaten duela, baina gerturatu dute jendea, bai.

A. G. : Uste dut zientziarekiko interesa duzula esatean oso ongi geratzen zarela toki jakin batzuetan, baina inkestetan ez da hori islatzen; %17koa da gizonezkoen interes maila, eta txikiagoa emakumezkoena. Esan behar da, halere, medikuntza atera egin ohi dutela galdeketatik, eta horretan emakumeek dutela interes handiagoa. Edonola ere, beste gai batzuekin alderatuta, txikia da zientziarekiko interesa gure bizitzetan zer-nolako eragina duen kontuan hartuta. Salbatzailea izatea eskatzen diogu arazoetatik ateratzeko. 

Esan daiteke, beraz, aldizkariaren erronka dela zientzia herritar guztientzat erakargarria egitea, eta, aldi berean, adituak asebetetzea?

A. A. : Zaila da oreka horri eustea, baina esango nuke gure erronka nagusia dela jendeari ikusaraztea interesatzen zaiola zientzia, bere bizitzan eragin zuzena duelako. Askok sentitzen dute hitz egin edo galdetzeko adituak izan behar dutela, eta ez da horrela.

A. G. : Adituak direnei ere gertatzen zaie hori; izan ere, gai jakin batean izaten dira espezialistak, eta hortik ateraz gero, galduta sentitzen dira. Dena den, adituak diren gaiari buruzko gure artikuluak ere interesekoak gerta dakizkieke, beste ikuspuntu bat ezagutzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!