Orioko Udalak dei egin die herritarrei Osakidetzaren osasun arreta euskaraz jaso nahi dutela eskatu dezaten

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko api. 8a, 10:49
Orioko anbulatorioa. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Udalak jakinarazi duenez, oriotarren artean, orain arte, 3.209 lagunek adierazi dute euskaraz nahi dutela harremana Osakidetzarekin, hizkuntza zehaztu dutenen %64,1k hain zuzen ere.

Osakidetza kanpaina abiatu du herritarrek osasun-arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten jakiteko eta, modu horretan euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izateko. Hala, orain arte Orion 3.209 lagunek adierazi dute Osakidetzarekin harremana euskaraz izan nahi dutela, hezkuntza zehaztu dutenen %64,1k hain zuzen ere. Dena dela, UEMAren datuen arabera, 1.586 oriotarrek oraindik ez dute adierazi zein hizkuntzatan jaso nahi duten osasun-arreta, eta Udalak dei egin nahi die horiei, euskara aukeratu dezaten Osakidetzarekin dituzten harremanetarako. Izan ere, "euskara aukeratzen dutenei medikuek euskaraz hartuko diete eta euskaraz jasoko dituzte Osakidetzako gutunak eta jakinarazpenak", zehaztu dute. Udalak bere webgunean zehaztu du herritarrek nola aukeratu dezaketen Osakidetzarekin harremanetarako hizkuntza.

Orioko Udalak nabarmendu du "herritarren eskubidea" dela osasun-zerbitzua euskaraz jasotzea eta, beraz, "erakunde publikoek hori bermatu behar dute. Zenbat eta herritar gehiagok eskatu osasun-arreta euskaraz jaso nahi dutela, orduan eta indar gehiago egingo dugu osasungintza euskalduntzen segitzeko, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatu arte".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!