Raquel Matellanes: "Hemen oso garrantzitsua da euskara"

Amaia Zaldua 2023ko api. 23a, 13:00
Raquel Matellanes (AEK)

Apirilean hasita, urtea bukatu bitartean Orioko AEK euskaltegiko ikasleei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu Karkarak zenbakiro. Hala, apirileko aldizkarian Raquel Matellanes Santamarta elkarrizketatu du Orioko AEKko kide Amaia Zalduak.

Raquel Matellanes Santamarta Oviedokoa (Asturias, Espainia) da, baina Orion bizi da. 2021eko urrian etorri zen eta, irakaslea denez, C1 mailaren ziurtagiria eskatzen diote lan egin ahal izateko. Hortaz, ailegatu eta jarraian, poliki-poliki, hasi zen euskara ikasten.

Duela urte eta erdira arte ez zinen Euskal Herrian inoiz izan. Zein da zure egungo egoera?

Hasieran, bat, bi eta hiru bakarrik nekien esaten. Egun, etxean ere saiatzen gara euskaraz egiten, nahiz eta zaila izan dena euskaraz egitea, baina zertxobait egiten dugu. Bestalde, B1 mailaren ziurtagiria lortu berri dut, pasatu den urrian, eta B2 maila oso zaila ari zait egiten, baina ari naiz. Dezente ulertzen dut dagoeneko, eta hori niretzat lorpen handia da, sekulako poza! Orain, euskara gustatzen zait, ze hasieran, hesi handia zen, eta orain argia ikusten dut.

Noiz entzun zenuen euskara edo euskarari buruzko zerbait lehenengo aldiz?

Bikotekideari bakarrik entzun nion, eta txinera iruditu zitzaidan. Ez nuen ezer ulertzen, zeren eta, gainera, jendeak oso azkar hitz egiten du, eta oso desberdina da, batetik, gaztelaniarekin alderatuz gero, eta, bestetik, batua edo kalekoa. Egia da Asturiasen ere hizkuntzak eta hizkerak nahasten direla, baina hau zailagoa da.

Nola jaso zaituzte bertakoek?

Jendea, normalean, oso jatorra da. Ni ere iparraldekoa naiz, baina nabaritu dut aldea handik hona. Hemengo jendea itxiagoa da, hasiera batean, lehorragoa edo hotzagoa; alabaina, ezagutzen duzunean, betiko lagun bihurtzen da. 

Oro har, jendeak, galduta nagoela ikusiz gero, lagundu egiten dit eta ez dut inoiz arazorik izan. Ingurukoek badakite euskara ikasten ari naizela eta mantsoago hitz egiten dute, behar izanez gero.

Eta gertatu izan zaizu kontrakoa? Gaztelaniaz egitea?

Erdi eta erdi. Ni oso lotsatia naiz eta asko kostatzen zait askatzea. Hortaz, batzuetan bi hizkuntzetan aritzen naiz; besteetan, txandaka...

Oso denbora gutxian oso maila altua lortu duzu. Zer gomendatuko zenioke ikasten ari den bati?

Ni hutsetik hasi nintzen, baina langabea naizenez, denbora libre asko daukat eta inbertsio handia egiten ari naiz. Oso garrantzitsua da denbora honetan dena ematea; ni, adibidez, egunero, bost orduz aritzen naiz euskaltegian; barnetegietara ere joan izan naiz, eta duela gutxi eman dut izena Mintzalagun egitasmoan. Ikasteko, murgildu egin behar da. Berriak ere irakurtzen ditut, eta musika ere entzuten dut. Irati filma ikusi berri dut...

Zergatik eman duzu izena Mintzalagun egitasmoan?

Sozializatzeko aukera interesgarria da, etxetik kanpo euskaraz egiteko, jendea ezagutzeko, lotsa galtzeko... Polita da beste hizkuntza batean komunikatzea. Dena den, norberaren espazioetan ere euskaraz praktikatzea oso garrantzitsua da.

Nire asmoa bizitzan egiten ditudan gauzak mintzalagunarekin partekatzea da: errezetak trukatzea, esaterako.

Zer gomendatuko zenioke iritsi berriari?

Presiorik gabe ikasteko, frustrazioa ekar baitezake, eta lotsa galtzeko.

Euskaraz dakitenei zer esango zenieke?

Oso lagungarriak izan daitezkeela eta Mintzalagun egitasmoan izena ematera animatzeko esango nieke. 

Euskal herriko toki bat: Orio.

Kantu bat: Zetak taldearen Zoriontasuna abestia.

Gustuko euskal hitza: Alaia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!