Udal eta foru hauteskundeak 2023

Herriko hainbat gunetan aurkeztuko du Orioko EAJk "herritarrekin batera osatutako programa"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 11a, 15:32
EAJk hauteskundeetara aurkeztutako zerrendako kideak. (Orioko EAJ)

EAJko alkategai Noemi Ostolazak "oriotarren iritzi eta ekarpenak" bildu ditu, eta astelehenetik aurrera programaren berri emango du herriko bost gunetan.

Martxoaren 28an abiatu zuen Orioko EAJk oriotarren ekarpenak eta iritzia jasotzeko entzuketa prozesua. Auzoz auzo eta eremuz eremu herritarrekin bildu dira jeltzaleak, eta "oso prozesu aberasgarria" izan dela adierazi du Orioko EAJko alkategai Noemi Ostolazak, "herritarren kezkak gure kezkak direlako". Besteak beste, topaketetan herriaren txukuntasunaren eta segurtasunaren inguruko kezkak jaso dituztela azaldu du EAJk ohar bidez. "Aparkatzeko arazoak ere badituzte bizilagun askok, eta adinean aurrera doazen oriotarrek beren ezinegonak ere azaldu dizkigute". Horrez gain, "irisgarritasuna, gazteentzako zerbitzuak edo kirol eta kultur eskaintza zabaltzeko beharra" ere aipatu diete herritarrek. "Herrikideekin egon izanak ikuspegia zabaltzeko aukera eman digu, eta gure hauteskunde programa modu zabal eta erosoagoan eraiki ahal izan dugu, oriotarren parte-hartzeari esker".  

Ekarpenak bildu eta programa landu ondoren, "herritik eta herriarentzat" sortutako programa oriotarrei azaldu nahi die EAJk. Hala, datozen asteetan, hilaren 15etik 25era, EAJko hautagaiak herriko bost gunetan izango dira, programaren ildo nagusiak azaltzen.

Programa hiru bloke eta hamar lan eremutan oinarrituta osatu dute: zaintza; berdintasuna eta osasuna; ekonomia, industria eta energia, eta kultura, aisialdia eta kirola. "Industria eta enplegu aukera berriak garatzeko lan egingo dugu; etxebizitza aukera berriak aztertuko ditugu; kirol eta kultur azpiegitura berriak garatuko ditugu, eta adineko pertsonak herrian bertan zainduak izateko asmoa bermatuko dugu, zaintza ekosistema baten garapenari esker", nabarmendu du Ostolazak. EAJk bere programa eskuragarri jarri du honako webgunean.

Hona hemen EAJren programaren aurkezpen egutegia:

- Maiatzaren 15a, astelehena. Mendibeltz zelaiaren parean, 17:00etatik 19:00etara.

- Maiatzaren 16a, asteartea. Abaromendiko parkean, 17:00etatik 19:00etara.

- Maiatzaren 18a, osteguna. Azoka inguruan, 10:30etik 11:30era.

- Maiatzaren 23a, asteartea. Musika Eskolaren parean, 17:00etatik 19:00etara.

- Maiatzaren 26a, ostirala. Ibai Ondo plazan, 17:00etatik 19:00etara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!