Udal eta foru hauteskundeak 2023

EH Bilduk "Orio gero eta biziago bat" egiteko programa aurkeztu du

Andrea Zipitria 2023ko mai. 12a, 15:00

"Zaintza, hezkuntza, partaidetza, harrera eta osasuna" ardatz hartzen dituen programa aurkeztu du EH Bilduk.

Hauteskundeetarako bi asteren faltan, Orioko EH Biduk hauteskunde programa aurkeztu zuen atzo iluntzean. Lau ardatz nagusi dituen programa da ondu dutena eta "ikuspegi aurrerakoi" bat duena; "herri gero eta biziago bat egingo da, oriotar identitatea mantendu eta bizi kalitatea bermatuko diena herritarrei".

Kultur etxean jarri zuten hitzordua, eta herritar asko gerturatu ziren bertara, EH Bilduren 2023-2027 legealdirako asmoak jakitera. Anuska Esnal Oliden alkategaiaz gain, parte hartu zuten baita ere programaren aurkezpenean EH Bilduren zerrendako Olatz Santamaria Bereizartuak eta Lohitzune Solabarrieta Odriozolak.

Hona hemen EH Bilduk aurkeztu dituen lau ardatzetako programa:

Ikuspegi aurrerakoia
“Herri aurrerakoi bat izateko pausoak eman nahi ditugu eta, horretarako, bost lan ildo
jorratzea garrantzitsua izango da: zaintza, hezkuntza, partaidetza, harrera eta osasuna”,
nabarmendu zuen EH Bilduko alkategaiak, Anuska Esnal Olidenek.

Zaintza ekosistema publiko oso bat sortu nahi dute, "oriotar guzti-guztiak -bakoitzaren berezitasunak berezitasun- zainduko dituen herria izan dadin Orio". Horretarako, beharren diagnosia egitea aurreikusten dute; ondoren herri proiektu propio bat diseinatuko da; eta, gero, dituzten baliabideak ikusita "egokitu" eta "berriak sortuko dira".

"Oriok hezten duen herri bat izan behar du", jarraitu zuen Esnalek. Hori dela eta,
"akordio zabal bat lantzeko urratsak emango ditugu bestelako hezkuntza eskaintza
planteamendu integral bat eraikitzeko asmoarekin".

Osasunari dagokionean, "adin eta mota guztietako herritarren beharrak kontuan hartuko
dituen kirol eredu berri bat" sortu nahi dute, horretarako berrikuntzak egingo dituzte kirol ekipamenduetan. Halaber, udalaren eskuduntzatik kanpo dagoen arren, anbulategiko zerbitzua hobetzeko hitza hartu dute.

Horrez gain, "beharrezkoa izango da herrira datozen pertsonak integratzen laguntzea eta,
horretarako, harrera plan integrala eta herritar sarea sortuko ditugu". Hau guztia, "herritarrekin elkarlanean"; partaidetza prozesuak eta erreferendumak sustatuz.

Oriotar identitatea
“Beste erronketako bat, oriotar identitatea mantentzea izango da, gure izaera;
horregatik, errioaren baitan irudikatu dugu etorkizuneko Orio. Sei ardatz izango ditu:
Orioko Nabigazio Zentroa, Dike Mareala, Kofradia Berria, Mutiozabal, Arraunetxe eta
Motondo. Errioaren baitan sortuko da ekonomia zirkularra”, nabarmendu du Olatz
Santamaria Bereziartuak.

• Kofradia Berria: errioan egingo diren eskaintza guztien "ardatza" izatea nahi dute, eta edukitzea auditorium bat eta interpretazio zentro bat bisitarientzat.
• Mutiozabal: urte osoko baliabide bihurtu nahi da, bai hezkuntzan haurrentzat eta bai aisialdiko zerbitzuekin guztiontzat.
• Orioko Nabigazio Zentroa: nahi duten herritar guztiek errioaz gozatu dezaten
"ontzi jasangarrien gunea irekiko dugu Etxeluzen".
• Arraunetxe: ekipamendu honen "optimizazioa" eta "bideragarritasuna" sustatu nahi dituzte.
• Motondo: "lehengoratu egin behar dugu, hezegunea berreskuratzeko, naturari
arnasa emateko eta aldaketa klimatikoaren aurrean uholdeetatik babestu gaitzan".
• Dike Mareala: ontzigintza tradizionalaren maketa eraikiko da Dike eremuan.

Bizi kalitatea
Oriotarrei "bizi kalitatea bermatuko" dion herria nahi dute egin. “Alde batetik, Orio
bizigarriago egin, herritarrek aukera eduki dezaten bere bizi proiektua osoa Orion
egiteko. Bestetik, garrantzitsua izango da beharrezko zerbitzu berriak eraikitzea,
segurtasuna eta irisgarritasuna toki guztietan ziurtatuz, etxebizitza zerbitzua bermatuz
eta ingurumena zainduz”, azaldu zuen Lohitzune Solabarrieta Odriozolak.

Herri gero eta biziagoa
“Orio herri gero eta biziago bat izatea nahi dugu”, azpimarratu zuen Ainara Munduate
Iguaranek. “Horretarako, sustapen ekonomikoa bultzatuko da, kultura indartzen
jarraituko dugu, hondartza eremuko berrikuntzak egin eta urte osoan bisitariak izatea
bermatuko dugu”, gehitu zuen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!