Iristear dira Talaimendi Trail eta Kukuarri Astea

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 15a, 12:40
Kukuarri Astearen barruan, eskalada saioa egiten dute elizako paretan. (Aritz Mutiozabal)

Mendiarekin lotutako egitasmoz beteko da asteburutik aurrera Orio. Izan ere, larunbat arratsaldean, 17:30ean hasita, Talaimendi Trail lasterketa jokatuko da, eta mendiko karrerak Kukuarri Asteari emango dio bidea.

Talaimendi Trail Orioko plazan hasi eta bukatuko da, eta 14 kilometroko ibilbidea izango du. Nagusiki Kukuarri (364m) mendiaren inguruan osatu dute ibilbidea eta 650 metrokoko desnibel positiboa edukiko du. Gehienez 200 parte-hartzaileko muga zehaztu zuen Talai Mendi elkarteak izen-ematea ireki zuenean, eta aspalditik beteta dago.

Mendi lasterketaz gain, maiatzaren 22tik 28ra mendiarekin lotutako hainbat jarduera izango dira herrian: Slackline-a, Spartan zirkuitua, Orientazio Proba eta eskalada saioak, besteak beste. Gainera, hilaren 28an, igandearekin, Kukuarri Eguna ospatuko dute tontorrean.

Hona hemen Kukuarri Asteko egitaraua:

Maiatzak 20, larunbata

- 17:30. Talaimendi Trail mendi-lasterketa. Irteera Herriko Plazan.

Maiatzak 22, astelehena

- 17:00. Slackline-a, Tirolina parkean.

Maiatzak 23, asteartea

- 17:00. Spartan zirkuitua, Tirolina parkean.

Maiatzak 25, osteguna

- 17:00. Orientazio-proba GOT taldearen eskutik. Maparekin herrian ezkutatutako mugarri eta lekuak aurkitu behar dira. Edozeinek parte hartu dezake: bakarka, familian edo taldean. Talai Mendiko lokalean hasiko da.

Maiatzak 27, larunbata

- 16:00. Rokodromoa kiroldegian, adin guztietako haurrentzat.
- 16:00. Elizako paretan eskalatzeko eta yumareatzeko aukera
- 16:00. Tirolina elizatik plazara.

Maiatzak 28, igandea, Kukuarri Eguna

- 09:00. Irteera Herriko Plazatik.
- 11:00. Tontorreko gurutzean elizkizuna. Ondoren, salda eta pintxo beroak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!