Hilketa matxista izan dela baieztatu du Erkorekak

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 17a, 11:19
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburua.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu du gizonak aldez aurretik manipulatutako eskopeta batekin aurrez aurre tiro egin ziola emakumeari, eta gero, bere burua hil zuela. Gertatutakoa gogor salatu du eta arbuiagarria dela nabarmendu.

Atzo arratsaldean Orion gertatutakoa hilketa matxista izan dela baieztatu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Gertatukoa gogor salatu du eta gertaera "arbuiagarria" dela azpimarratu du.

Erkorekak hildakoaren eta hiltzailearen inguruko hainbat datu jakinarazi ditu. Hildakoak Lurdes de Hoyo izena zuen, 50 urte zituen eta Orion bizi zen. Bi seme-alabaren ama zen: semea adinez nagusia da; alaba, berriz, adin txikikoa. Genero indarkeriarekin zerikusirik duen aurrekaririk eta espedienterik ez zuela baieztatu du sailburuak.

Hiltzaileak, berriz, Alberto Casado zuen izena, Zarautzen bizi zen eta familia zuen Orion. Indarkeria matxistarekin lotutako nahiz beste inolako aurrekaririk ez zuela baieztatu du Erkorekak, eta baita armak erabiltzeko baimenaren jabe zela eta.

Egitatearen edo atzo gertakariaren inguruko xehetasunetan sartu da jarraian. Erkorekak adierazi duenez, hildakoa eta hiltzaileak bikotekide ohiak ziren, eta atzo arratsaldean geldituta zeuden, aurrez hitzordua jarrita. Gizonezkoak arma eraman zuen hitzordura, manipulatutako eskopeta bat, Lurdesi aurrez aurre egin zion tiro, eta gero bere buruari.

Atzo arratsaldean sortutako nahasmena eta gertatutako hainbat bertsio zabaldu izanaren arrazoiak ere azaldu ditu sailburuak. "Aurreneko lekukoek adierazi zuten kaxa zuri bat ikusi zutela eta eztanda bat entzun zutela, eta horregatik, hasierako susmoek zioten etxean egindako lehergailu bat izan zitekeela, eta hain zuzen ere, Ertzaintzaren lehergailuen unitateko kideak bertaratu zirela".

Hipotesi hori, ordea, indarrik gabe gelditu zen gizonaren gorpua mugitu zutenean, azpian eskopeta bat zegoela ikusi zutenean. "Manipulatutako eskopeta batek eskopeta normal batek baino zarata handiagoa ateratzen du. Honek kanoiak moztuta zituen, eta horrek azaltzen du lekukoek eskopetaren zarata lehergailu baten eztandarekin nahastu izana". Kaja zuria uste zutena, berriz, plastikozko poltsa zuri bat zela esan du sailburuak.

Erkorekak adierazi duenez, ikerketak aurrera jarraitzen du, oraindik informazio asko biltzea falta delako. "Momentuz, guardiako epailearen esku dago kontua, baina uste dugu aurki geldituko dela indarkeria matxista gaiak eramaten dituen epailearen esku. Hortik aurrera, Ertzaintzak epailearen agindupean ikertzen jarraituko du".

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!