Jende andana bertaratu da astearteko hilketa matxista salatzeko egindako elkarretaratzera

Onintza Lete Arrieta-Maria Maya Manterola 2023ko mai. 17a, 20:30

Jende andana bildu da gaur arratsaldean Orioko Herriko plazan bezperan izandako hilketa matxista salatzeko. Hildako emakumeari kendutako askatasunaren alde borrokan jarraituko dutela adierazi dute Orioko Mugimendu Feministako kideek. 

Arratsaldeko zazpietarako jarrita zegoen hitzordua astearte arratsaldean izandako heriotza matxista salatzeko, eta espero bezala, oriotarrek eta beste herrietatik bertaratutako hainbat lagunek bete dute Herriko plaza. Udaleko, aldundiko eta Jaurlaritzako hainbat ordezkari ere bertaratu dira. Erasorik ez erantzunik gabe!, Askeak izan nahi dugu edo Minaren aurrean herria familiekin leloak zeramatzaten pankartak ere irakurri zitezkeen udaletxe aurrean. 

Isilunearen ondoren, gaurko elkarretaratzea deitu duen Orioko Mugimendu Feministako kideek hartu dute hitza. "Indarkeria matxistak dramaren kapitulu latza utzi digu herrian", azaldu du kide batek. "Shock egoeran" daudela gaineratu du, "askotan etxeetan gertatzen dena atzo kalean lehertu zen, baina egiturazko indarkeria matxista dago azpian". 

Autodefentsa feministarako deia egin dute, "gure bizitzak direlako jokoan daudenak". Horrez gain, eraildako emakumeari kendutako askatasunaren alde borrokan jarraituko dutela ere adierazi dute. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!