Orioko plaza bete dute eraildako emakumearen familiari babesa adierazteko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 17a, 21:50

Ehunka lagunek egin dute bat herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin eta ordezkaritza politiko zabala ere bertaratu da. Elkarretaratzea amaituta, hilketa gertatu zen tokira bertaratu dira omenaldi xume eta intimoa egiteko.

Orioko plaza bete dute ehunka lagunek atzo arratsaldean gertatutako hilketa matxista gaitzeisteko eta eraildako emakumearen familiari babesa adierazteko. 19:00etarako zuen deialdia egina Orioko Mugimendu Feministak, baina hamar bat minutu lehenago dagoeneko beteta zegoen plaza. Hala, lau pankarta zabaldu dituzte eta biktimaren senideak ere jarri dira horietako baten atzean. Haiekin batera, eskualdeko beste hainbat herritako Mugimendu Feministako kideak ere bertaratu dira.

Oriora bertaratu den ordezkaritza politikoa ere zabala izan da. Besteak beste, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Markel Olano eta Eider Mendoza Gipuzkoako egungo Ahaldun Nagusia eta EAJko Ahaldungaia, Maddalen Iriarte EH Bilduko zerrendaburua eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomi Erkidegoan duen ordezkaria. Guztiak ere plazaren erdian elkartu diren herritarren artean izan dira. Tartean ziren Anuska Esnal Orioko alkatea eta udalean ordezkatutako gainerako alderdi guztietako kideak ere.
 
19:00ak jo dutenean ordulaurden inguru iraun duen isulena egin dute bertaratuek eta ondoren gertatutakoa salatzeko irakurketa egin dute Orioko Mugimendu Feministako lau kidek. Hunkituta eta haserre hitz egin dute. Amaitzeko, atzoko hilketa gertatu zen Arrantzale kalera arteko bidea egin dute Minaren aurrean herria familiarekin zioen pankartaren atzean, eta biktima oroitzeko ekitaldi xume eta intimo bat egin dute. Kandelak eta loreak jarri dituzte eta irudirik ez hartzeko eskaera egin diote prentsari. Zentzu horretan, esan behar da handia izan dela ikusmina eta Euskal Herriko naiz Espainiako hedabide ugari izan direla Orion.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!