Udal eta foru hauteskundeak 2023

Orioko Udalak ezarritako hiru eguneko doluarekin bat eginez, alkategaien elkarrizketak larunbatean argitaratuko ditu Karkarak

Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 10:59
Atzo iluntzean Orioko plazan egin zen elkarretaratze jendetsua hilketa matxista salatzeko. (Jabi Gonzalez Toston)

Astearteko hilketa matxista dela eta ezarri ditu dolu egunak udalak, eta hedabide honek bat egin nahi du erabakiarekin. Urola Kostako Hitza egunkarian gaur argitaratu dira elkarrizketak hemendik hauteskunde bezperara arte egunero herri batekoak argitaratzen ari delako, baina elkarrizketa horien bideo eta bertsio digitalak larunbatean argitaratuko dira atari honetan eta urolakosta.hitza.eus atarian.

Astearte arratsaldean gizon batek emakume bat –bikoteki ohiak ziren– hil zuen Arrantzale kalean manipulatutako eskopeta batekin. Gertaera lazgarri horren harira, Orioko Udalak hilketa gaitzesteko agerraldia egin zuen atzo goizean udaletxean, eta hiru eguneko dolua ezarri zuen. 

Hedabide honek bat egin du udalaren erabakiarekin, eta horregatik, larunbatera arte ez ditu argitaratuko Orioko alkategaien elkarrizketak. Horiek gaur ziren argitaratzekoak Urola Kostako Hitza egunkarian nahiz atari honetan eta urolakosta.hitza.eus atarian. Egunkarian argitaratu egin dira, hauteskunde bezperara arte egunero eskualdeko herri bakoitzeko alkategaien elkarrizketak argitaratzen ari delako eta hori aldatzeak herri guztiei eragiten zielako. Baina elkarrizketa horien bideo eta bertsio digitalak atzeratzea erabaki du UKTk.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!