"Zalantzak izan ditut benetan ba ote zegoen tokirik niretzat"

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 19a, 09:30

Hitzño bat erran eta banua berhala izeneko disko berria argitaratu du Olatz Zugastik (Hernani, 1965). Azken urteetako egoerak "sosegu gehiagorekin" lantzeko aukera eman dio.

Hitzño bat erran eta banua berhala izenburua jarri diozu zure lan berriari. Zein da hitz majiko hori?

Disko bati izena emateko garaian hautagai dezente izaten dira. Kasu honetan, lan prozesu guztia luze samar joan zait, tartean pandemiarekin eta itxialdiarekin, eta konturatu nintzen denbora tarte horretan zenbat jende agertu zen kantuan sarean. Ni disko hau prestatzen ari nintzela, bat-batean zalantzak izan nituen benetan ba ote zegoen tokirik niretzat. Zentzua hori zen, baina, izatez, diskoaren azken abestian agertzen da. Mendian zoinen eder abesti zuberotarra da, eta bertan aipatzen den esaldia da, halako gorteatze bat. Mutilak zera esaten dio neskari: "Hitzño bat erran eta banua berhala, atera zaite leihora". Nik gehiago erabili dut hori niretzako toki txiki bat eskatzeko modua bezala.

Zazpigarren lana duzu honakoa, eta, nola ez, disko bakoitzak bere bizitza du. Zein da honen istorioa?

Pandemia aurretik jada lanean hasi nengoen. 2019an, Mairu baratzetan aurrerapen abestia kaleratu nuen, eta 2020rako diskoa argitaratzeko asmoa neukan. Aitzitik, ondoren etorri zen etorri zena, eta gero, lanean jarraitu dudan arren, sosegu gehiagorekin aritu naiz, behar nituen proba guztiak eta xehetasun guztiak atontzen, nire buruari inolako presiorik jarri gabe.

Su geldoan prestatuko diskoa da, presiorik gabe, baina perfekzioaren bila, akaso?

Perfekzionista baino gehiago errespetua dela esango nuke. Azken finean, hasieratik bukaeraraino nik egin ditut ia abesti guztiak, eta prozesu horretan zalantzak izaten dituzu. Erreminta batzuen jabe zara, eta horiez baliatzen zara abestiak ahalik eta hobekien geratzeko. Onerako eta txarrerako; izan ere, batzuetan gehiegi luzatzen da prozesua. Halako batean bukatutzat eman genuen, eta oso gustura nago emaitzarekin.

Musikalki, zure ohiko ildoak ageri dira: folk zeltiarra, amerikarraren ukitua, euskal musika, baina baita pop kutsu modernoa ere.

Ni gaur egungoa naiz, eta egun dauden baliabideak erabiltzea gustatzen zait, baita soinu aldetik herri musika eta zaporedun kutsu hori izatea ere; alde batetik, zeltiarra eta, bestetik, gure kantagintzakoa. Adibidez, diskoan bi euskal abestigintza tradizional daude: azken abestia, esaterako, Agosti Xahori egozten zaiona. Horiez gain, baditut eraginak hemengoak eta hangoak. Edonola ere, nire diskorik arrakastatsuena sehaska kanten Bulun-bulunka izan zenez, jendeak uste du ildoa hori dela. Baina hori parentesi bat izan zen nire ibilbidean, izan ere lehen diskotik pop kutsua ere hor zegoen. Era berean, Alan Stivell arpa jotzailea eta abeslaria betidanik izan dut erreferente nagusia.

Egungo musikagintza oso azkar doa, iragankorra bihurtu da. Beharbada pazientzia handirik ez dago zurea bezalako disko bat tentuz entzuteko, gozatzeko eta aukera bat emateko?

Gaur egungo garaiak hauek dira, bai musikan, bai beste alor batzuetan. Oso abiada bizian doa, eta komunikazio-inkomunikazioan bizi gara. Niri zerbait gustatzen zaidanean, entzun eta dastatu egiten dut, eta espero dezagun nire diskoak ere horretarako balio izatea. Helburua, azken finean, hori da. Lan bat egiten duzu, eta ez da zerbait modarekin lotutakoa, ez baitugu horrela pentsatzen. Iraunkorra izango den itxaropenarekin egiten duzu, baina ez da aurrez aztertutako zerbait, baizik eta egiazkotasun bat izatearekin du zerikusia. Beraz, zerbait esan behar dut, iritsi egin behar dira barrura. Zer gertatuko den? Hori jada ez dago nire esku.

"Gizartearen itzal, irudipen eta gezurrez haratago begiratzen" saiatu zarela diozu.

Kanpoan dagoen mezua, eta horren ondorioz egiten diren adierazpen artistikoak, askotan dira establishment batek edo botere batek ezartzen dituenak. Muga horietan oposaketa bat badago, eta mezu iraultzaileak ere badaude. Baina horretaz haratago begiratzeko saiakera bat da nirea, ez bakarrik politikoki, baita bizitzan bertan filosofikoki ere.

Disko honetan Orio presente dago, esaterako, Lohitzunean barna eta Muga gabeko hondartzara abestietan.

Muga gabeko hondartzara Irlandatik etorri da, eta Brendan Graham da musikaren egilea. Lehen harremana Bizirik gaudelako abestia egiterakoan izan nuen: bere doinua hartu nuen, eta ikastolaren lehen izpiritua oinarri hartuta idatzi nuen letra. Harrezkero, elkarlanean aritu gara, eta abesti hau horietako bat da.

Lohitzunean barnari dagokionez, ni askotan ibiltzen naiz paduran, eta lohitzunea haren sinonimoa da. Pixka bat da gure lohitzunean nola ibiltzen naizen azaltzea, zer bilatzen dudan, nola elkar maite dugun eta agurtzen garen, eta berriz hasieratik hasten garen egunero.

Disko honetarako Oi Amaiur abestia berreskuratu duzu, Gau hotzenean ene (2010) diskoan jaso zenuena. Oraingo honetan, bestelako musika molde batean dator.

Musika bera ez ezik, letra bera ere aldatuta dago. Kanta hura egin nuenean iraganean pentsatuz bezala egin nuen; nostalgiko samarra, letra aldetik gehien bat. Oraingo honetan, eraldatu egin nahi izan dut, bigarren bertsio bat osatu. Gaur egungo aldarrikapen bat egin dut, Nafarroaren Erresumarekiko atxikimendua islatuz.

Diskoaren azala Udane Juaristi artista azkoitiarrarena da.

Lohitzunetik ibilbidea egiten ari nintzela, bi lagun ikusi nituen aurrealdean. Hurbildu ahala konturatu nintzen ez zirela benetakoak, kanpineko muralak zirela. Izugarri politak iruditu zitzaizkidan. Hortik harremana egin nuen Udanerekin, eta eskatu nion San Martin inguruan egoten den zaldi baten argazkitik ea azala egingo zidan. Oso pozik nago artelan bat egin duelako.

KONTZERTUAK

Uztailak 13: Andoain-Leizaran bailara

Azaroak 10: Zarautz-Modelo aretoa

Azaroak 18 Gernika-Lizeo Antzokia

Abenduak 28: Donostia- Victoria Eugenia.

2024ko otsailak 3: Iruñea- Gayarre antzokia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!