Etxekoak nagusi Talai-Mendi traileko podiumean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 21a, 10:00

Sara Peñak garaipena eskuratu zuen emakumezkoetan eta Ibai Makazagak zilarra jarri zuen gizonezkoetan. Elorrioko Gontzal Murgoitio izan zen azkarrena. Ia 250 lagunek hartu dute parte aurtengoan.

Talai-Mendi trail lasterketaren hirugarren edizioa jokatu zuten atzo Orion eta gutxigatik ez zituzten etxekoek irabazi emakumezkoen eta gizonezkoen lasterketak. Sara Peña herriko korrikalaria onena izan zen bere kategorian eta Ibai Makazaga bigarrena berean. Edonola ere, nagusitasunez irabazi zion Gontzal Murgoitio elorriarrak.

Murgoitio zen, hain justu, lasterketa irabazteko faboritoa eta orain arteko marka hautsi zuen helmugan; izan ere, Makazagak berak lasterketaren lehenengo edizioan egindako denbora minutu bat eta zazpi segundoan hobetu zuen. Elorrioko korrikalariak ordubete baino gutxiago behar izan zuen lasterketa egiteko (58:37). Makazagak, berriz, ordubetean amaitu zuen 14 kilometroko ibilbidea (01:00:26), oraingoan. Minutu bat eta 49 segundo atera zizkion Murgoitiok. Gizonezkoen podiuma Lazkakoko Beñat Bereziartuk osatu zuen (01:03:23).

Emakumezkoetan, Sara Peña etxeko korrikalaria gailendu zen, esan bezala, eta gustura hartu zuten bizilagunek txalo artean. Gainera, Orioko Arraunketa Elkarteko elastikoa jartzeko astirik ere izan zuen Peñak helmugan. Ordubete eta hogei minutu baino gutxiago behar izan zituen ibilbidea egiteko (01:18:26). Hala, ia 5 minutuko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Amaia Eskisabel donostiarrari (01:23:18). Hirugarren, berriz, Zutoia Odriozola helmugratu zen (01:25:43). Elorriarra hura ere. Guztira, 247 lagunek hartu zuten parte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!