Udal eta foru hauteskundeak 2023

Bertan behera geratu da gaur arratsaldeko alkategaien mahai ingurua

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 22a, 13:23
Orioko Kultur Etxeko areto nagusian egitekoa zen alkategaien mahai ingurua gaur 19:00etan hasita.

Pasa den asteko hilketa matxistaren aurrean, PSE-EEko Ana Priedek adierazi du ez dela gai ikusten mahai-inguruan parte hartzeko, eta EH Bilduk eta EAJk elkartasuna adierazi diote Priederi.

Gaur arratsalderako Orioko alkategaien mahai ingurua antolatuta zuen Urolako Komunikazio Taldeak, eta bertan behera geratu da. Izan ere, PSE-EEko zinegotzi Ana Priedek jakinarazi du pasa den astean herria kolpatu zuten gertakariaren harira ez dela gai ikusten mahai inguruan parte hartzeko, eta EH Bilduk eta EAJk elkartasuna adierazi diote Priederi. EH Bilduk, esaterako, ohar bidez jakinarazi du "parte hartu nahi" zuela mahai inguruan, "ariketa demokratiko osasungarria delako herritar guztien aurrean Orion dauden eskaintza politikoak eztabaidan jarri eta alderatu ahal izatea. Indarkeria matxistak gogor jipoitu du Orio, ordea. Ana Priede PSE-EEko alkategaiak mahai inguruan aritzeko aldarterik ez duela-eta bertan parte ez hartzea erabaki du azkenean, eta guk, gaiari buruz hausnartu ostean, argi daukagu elkar zaintzeko garaia dela, eta erabaki dugu Anarekin bat egin eta Karkarak hauteskundeetarako antolatuta zituen saioetan parte ez hartzea, ez mahai inguruan, ezta elkarrizketa digitalean ere", adierazi du koalizioak.

EH Bilduk uste du "galera herritar guztientzat" izango dela, "jendaurreko mahai inguruan banakako elkarrizketetan baino ertz eta kontraste gehiago atera ohi direlako, baina aurtengoan hala beharko du zoritxarrez", adierazi dute. Eskerrak eman dizkiote Karkarari, "hartu dituen prestaketa lanengatik eta erakutsi duen prestutasunagatik".

EAJren adierazpena

EAJk, bestalde, adierazi du Orioko Udalean dauden taldeen lehentasuna izan dela, "herrian dagoen min, amorru eta tristura egoki kudeatzea. Sentipen hauek zuzen-zuzenean jo dute hautagaietan ere. Erreparazioari bideratutako lanketa abian jarri da herrian, eta bide horretatik jarraitu behar dugu. Denok bat eginik herria eraikitzen. Aurrera batera, hori da gure leloa eta horrek izan behar du etorkizuna eraikitzeko leloa", adierazi dute Orioko jeltzaleek.

EAJn zalantzak izan dituztela azaldu dute. "Udaleko kide batek adierazi duen minarekin, guztiz identifikatzen gara, guk ere sentitzen dugulako. Hala ere, aldi berean, herriari aurrera egiteko esperantza emateko mahai-ingurua baliagarria izan zitekeela ere pentsatzen genuen. Egoera konplikatua izanda, errespetuz eta zintzotasunez, uste dugu mahai-inguruak aukera eman zezakeela hautagaiok herriak bizi duen egoera konplexuari aurre egiteko gai garela adierazteko. Horregatik, guztiz errespetatzen dugu eta bat egiten dugu mahai-ingurua egiteko momenturik onena ez denaren erabakiarekin". 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!